EH Baik, Aitzinak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Agirrebarrena, Salamon, Feldmann eta Magisi “sostengu osoa” helarazi eta lauak askatzeko eskatu dute. Prokuradoreak 24 orduko luzapena ezarri die gazte atxilotuei.

EH Bai, Aitzina eta Lurra eta Etxebizitzak prentsaurrekoa egin dute gaur Baionan. /SYLVAIN SENCRISTO
Paueko Jendarmerian jarraitzen dute Haitz Agirrebarrena, Teo Salamon, Alex Feldman eta Jean François Magisek, eta hori salatzeko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean EH Bai koalizioak, Aitzina gazte antolakundeak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak. Jakinarazi dutenez, prokuradoreak 24 orduko luzapena ezarri dio gazteen atxiloaldiari, eta Jendarmeriaren aldetik jasotako informazio urria gaitzetsi dute. Koldo Etxegarai Aitzinako kideak adierazi duenez, gainera, poliziak jarrera “mespretxagarria” izan du, eta ez diete berririk helarazi: “Paueko Jendarmeriako ateak hetsi dizkigute”.
Atxiloketa horiekin gazte mugimendua “kriminalizatu” nahi dela salatu dute, bertzalde: “Euskal gazteria jendartetik baztertu nahi dute”. Hori ez gertatzeko, eta atxilotuak askatzea galdegiteko larunbatean konponbidearen alde manifestatzera deitu dute. Baionako San Andres plazatik hasiko da manifestazioa, 16:00etan, Euskal gazteria aitzina! Konponbidea orain! lelopean.
Konponbideari itzala
Dominika Dagerre eta Iker Elizaldek EH Bairen izenean ohartarazi dute gaur egungo testuingurua konponbidearen aldekoa izan arren, Frantziako eta Espainiako gobernuek errepresioaren bidez erantzuten dutela. Bertzeak bertze, urtarrilaren 12an Madrilen hasi behar zen epaiketaren oztopatzea —abokatuak atxilotu zituzten—, eta Intza Oxandabaratzen auzia —sei urteko kondena eskatu diote— ekarri dituzte gogora. “Zerrenda horren barnean kokatzen dugu atzoko polizia operazioa: beste urrats errepresibo bat”. “Probokazio” hori gelditu eta konponbidearen aldeko urratsak egiteko deia luzatu diote Frantziako Gobernuari.