Quantcast
Channel: zARTXIBOAK – Ipar Euskal Herriko Hitza
Viewing all 555 articles
Browse latest View live

Burua leku guztietara beti, eta hori gustuko

$
0
0

Zuzendari tekniko gisa, zuzeneko ikuskizunen alde tekniko guztiaren koordinatzaile dihardu azken hamar urte hauetan. Denetarik dauka ardurapean: antzerki, dantza, musika, egitasmo intimo eta dozenaka mila zale elkartzen dituzten ekitaldiak. Denak ditu gustuko.

 

Jaialdi erraldoiak eta antzerkiintimoak, denetarikkoordinatzen du Aitz Amilibiak. ISABELLE MIQUELESTORENA

Jaialdi erraldoiak eta antzerkiintimoak, denetarikkoordinatzen du Aitz Amilibiak. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete
Tinpanoak harrotzen kasik 30 urte nonbait han iragan baditu ere. Kanboko Xalbador kolegioko lagunekin, oholtza mundua gitarra apala joz zuen ezagutu lehen aldian. Kapten Egurrak taldearekin, besteak beste. Baina laster lotu zitzaion teknikari: «Beti behar baita bat mikroa nola pizten den jakin behar duena. Segitu dut kablea, mahairaino joateko. Soinua horrela hasi dut. Eta gero eta gehiago maitatu dut nola funtzionatzen zuen».

 

Hizkuntza ikasketetan hasi zen gero. Eskolez kanpo, dirua irabazteko soinu teknika garatzen hasi zen Miarritzeko Gare du Midi aretoan. Ikasketak bururatu, eta irakaskuntzan ez zuela lan egin nahi ohartu zen; bai, aldiz, teknikan. Gare du Midin segitzea erabaki zuen. «Pila bat ikasi nuen hor. Hortik pasatu nintzen beste enpresa batzuetara, estudioetara. Parisen ere urte batzuk pasatu ditut lanean». Eta soinutik, azkenean, zuzendari tekniko hasi zen. Azken hamar urteetan horretan ari da.

 

Ikusgarrietako alde tekniko guztia du bere gain. Bai soinuari lotuak, bai argiari, segurtasunari, azpiegiturei, aldagelei, instrumentuak behar badira instrumentuei… Ikusgarria zer den, non den, horren arabera dena lotu. Guztia hatsarretik emanaldiraino. Aurrekontuak, ordutegien finkatzeak, mikrofono kopurua, dena prestatuz aritzen da emanaldia hasi arte. Sail bakoitzeko zerbitzuetarako egiturak aurkitu, dibisak aztertu, hautatu, eta elkarrekin lanean jartzen ditu: «Nik horiek guztiak koordinatzen ditut. Etxe bat eraikitzeko lanetan ari den obralari bat naiz pixka bat». Haren kasuan, «agertoki gibelean den guztia da nire etxea». Normalki, emanaldia hasia delarik, «nik abantzu bukatu dut nire lana. Emanak baititut talde guztiak batera lanean».

 

Hots, gauza andana bat memento berean kudeatu behar ditu. Eta hori du nahi: «Burua leku guztietan ukaitea». Hatsarreko ofizioa zuen soinu teknikari begira, beste presio bat ere baldin badu, «askoz handiagoa» aitortu duena, hori du gustuko: «Abiadura laster hori. Azken momentu arte gauzak aldatzeko posibilitate hori». Gertatu berri zaio egun bakarrean hiru aldiz kargatu behar izatea sakelako telefonoa. Bi telefonorekin lan egiteko ohitura ere badu.

 

M&M’s urdinez bete bokala
Kudeatu beharreko fitxa teknikoetan denetarik baitago. Baita harribitxiak ere. Anekdotak ez ditu eskas Amilibiak. Artista batek, behin, M&M’s goxoki urdinez bete ontzi bat eskatu zuen: «Zuk badakizu zenbat pakete ireki behar diren ontzi bat M&M’s urdinez betetzeko?», gogoratu da irriz.

 

Beste anekdota bat Toots and the Maytals taldekoena du, EHZ musika jaialdira etorri zirelarik Idauze-Mendira, 2008an. Autobusetik oholtzara joateko moketa gorria exijitu zuten; beste koloreek ez zuten balio. Lohia zegoelakoan. Eta aurkitu behar izan zuten Amilibia eta lankideek. Kontratua ez bada betetzen, managerrak azken puntaraino deuseztatu baitezake. Aseguru kontratuak bezala direla artistenak. Zernahi detaile txiki badagoela hor zaindu beharra. Halere, esperientziak ekarri dio marra gorri zenbait ez pasatzen ahalegintzea: «Kontratu bat irakurtzen dudalarik, badakit irakurtzen zer den ezinbestekoa emanaldia ongi iragan dadin, eta zer ez den beharrezkoa. Saiatzen naiz beharrezkoa ez den horretan exijentzia ahal bezainbat apaltzen».

 

Adibidez, alkohol kontuetan. Talde batek, behin, artista bakoitzarentzat hiru litro alkohol azkar eskatu zioten. Gutxieneko bat onartzen ahal zuela ihardetsi zien Amilibiak, baina eskatutakoa gehiegizkoa zitzaiola. Gertatu izan zaio horrelakoetan Frantziako lan kodea erabiltzea. Hor idatzia baita lantokian alkohola debekatua dela. Negoziatzeko argumentu bat.

 

Drogarekin segituz, izaten dira kokaina edo kalamu kontuak ere. Idatzirik ikusia izana du honenbeste white socks eta honenbeste green socks-ak behar zituela artista batek. Baina hori «managerren arteko kontu bat» da. «Ni ez naiz sartzen horretan», abisatu du.

 

Autonomo ari da lanean Amilibia. «Ez dut nagusirik, eta ez naiz nehoren nagusi». Nahiz eta gertatu zaion zenbaitzuetan 650 bat langile biltzen dituen ekitaldien koordinatzea. Intermitentzia estatutuarekin, kontratu mugatuekin ari da. Aste batekoak, edo biren kasuan sei hilabete iraun dezaketenak. Euskal Herrian, Bordelen, Parisen, Lillen edo beste. Biren bidez, Europa osoan gaindi ibili daiteke.

 

Urtean 300 bat emanaldi ditu kudeatzen. Batzuk gaualdi bakarrean metatuak, besteak luzeagoak. Beti ari da. Kontratatzen dutenen artean, denetarik dauka. Laster Pauen iraganen den Hestiv’oc jaialdiko 200 emanaldien eskaera teknikoak kudeatuko ditu, adibidez. Kudeatzen du Miarritzeko Big jaialdiko Aguilera errugbi estadioa ere. Kontzertu gune bilakarazten du urtero. Edo, EHZrena, Lekorneko jauregi bazterrak. Gertatu zaio Avignongo antzerki jaialdiaren karietara, karrika zati batean antzoki bat muntatu behar izatea ere. Dantzan, Miarritzeko Maitaldia dantza jaialdiaren alde tekniko guztia ere badu bere gain. Heldu den irailean Portu zaharreko hondartzako emanaldiagatik, adibidez, hondartzaren marearen ordutegiei begira jarri behar izan du. Luhusoko Harri Xuri eta beste herri antzokietako teknikaz ere arduratzen da, besteak beste.

 

Hots, mundu ezberdin anitz ditu gurutzatzen. Eta hori ere badu gustuko. Bi adibide izan daitezke adierazgarri. Miarritzeko Big jaialdia eta Lekorneko EHZ. Biak musika jaialdiak, baina arras bi lan egiteko molde desberdin: «Eredu aldetik, nire bihotza segituan EHZren aldera doa. Nik asko ikasi dut horretan. Gero, memento zailak ere pasatu izan ditut teknikoki. EHZn ahal duzun gehiena egin behar duzu ahal den gutxienarekin. Txetxeniara joatea bezala da. Big jaialdian izan dezakezun plazera da, teknikoki hasteko, diru zamari begiratu gabe lan egitea. EHZn soinu mahai bat panan erortzen bada, arazo larria dugu. Big festibal batean soinu mahai bat panan erortzen bada, bigarrena bada. Teknikan dirua baldin baduzu, deus ez da arazo bat. Edozer gauza egin dezakezu. Zenbat eta diru gehiago izan, orduan eta gauza txukunagoa eta ederragoa egin dezakezu. Teknika kario da».

 

«Miresmen itsurik» ez
Gertatu zaio ardura horrelakoetan lan egitea, «artilleria pisua ateratzea». Badaki lan eta lagun kontuak bereizten. «Bestela ezin duzu». Eta artistei begira ez duela «miresmen itsuturik» dio, ez eta alderantziz. Gertatzen bazaio ere franko gustukoa ez duen artista batekin lan egin behar izana, lana betetzen du besterik gabe; «baina ez dut nehoiz etxera afaltzera gonbidatuko».

 

Puntako teknologiekin lan egiteko parada ematen diote produkzio handiek: «Gaur egun teknikan ateratzen diren azken berrikuntzekin lan egin nahi baldin baduzu, zure maila beti atxiki nahi baldin baduzu, alimaleko produkzioekin lan egin behar duzu. Teknologiaren aldaketen abiaduragatik, biziki fite atzean geldi zaitezke. Eta nik maite dudana da teknika. Orduan, maite dut Txapeldunen Liga batean lan egitea, anitz maite badut ere konpainia oso txikiekin lan egitea».

 

Futbolaren irudiarekin segituz: «Badira B-ko taldeak, oraindik humano pila bat erabiltzen dutenak, dirua ez zaie inportanta, ari direnak plazerarentzat. Eta gero eta gehiago igo, eta beste zerbait da». B taldekoekin ere badu zer egin: «Badakit nondik heldu naizen. Ez dut inoiz ahantzi». Lagun batzuekin txikiak izan daitezkeen proiektuak muntatzen ditu. Hecho en Casa Baionako antzerki taldearekin, adibidez. Muntatu berri duten Cyranoren bertsioarentzat argi sorkuntza bat egin du: «Tindu bat bezala da; zuk ekartzen duzu zure kolorea».

 

Eta gero horren guztiaren erdian, bada edo ez da, magia: «2, 5, 8, 10 mila pertsona biltzen dituen areto batean ikusten duzularik jende hori guztia dantzatzen. Memento goxo bat sortzen delarik, denek deskonektatzen dutelarik. Bada osmosi bat hor. Magia hori…». Gogoan du 2009ko EHZn Manu Chaok Heletan eman kontzertua. Gogoan ditu Faith No More taldearen kontzertu batzuk ere.

 

Horrelakoetara iristeko baldintza teknikoak betetzea, hori du helburua Amilibiak: «Jende horren guztiaren poza ikustea. Alkimia hori, non denek bat egiten duten. Horrek egiten du kontzertu baten giroa. Jendea oroitzen dela, taldea, teknikariak». Baina horretarako, duen esperientziarekin ere, ez dagoela trikimailu teknikorik dio: «Ezin kalkulatua da. Batzuetan programazioak egiten du, batzuetan lekuak ere bai». Diru anitz jartzen bada ere, ez da automatikoa gertatzen: «Ez, batere. Magia gauza orokor bat da. Ez du teknikak ekartzen». Baina agian teknikak lagundu dezake.

 

 

 


Gerra piztu du idazleak

$
0
0

‘Le Monde’ auzitara eramatearekin mehatxatu du Houllebecqek. Hari buruzko erreportaje sorta bat kaleratu berri du egunkariak.

 

Michelle Houllebecq, joan den apirilean, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE

Michelle Houllebecq, joan den apirilean, Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE

Nagore Ares Amaya
Eztanda egin du gerrak. Metxa nork piztu duen, ordea, ez dago oso argi: Michel Houellebecqek? Edo Le Monde egunkariak? Auskalo, baino idazleari ez zaio batere gustatu aste honetan Frantziako egunkari horrek haren inguruan argitaratu duen erreportaje sorta, eta egunkaria epailearen aurrera eramatearekin mehatxatu du. Michel Houellebecqen sei bizitza izenburupean, astelehenetik eta atzo bitartean idazlearen erretratua egin du Ariane Chemin kazetariak. «Pertsonaia tiranikoa eta kontraesanez betea» dela esanez aurkeztu du, eta azalera ekarri du idazleak berak bere buruaz aurkeztu ohi duen izaera polemikoa.

 

Erreportaje sorta egiteko asmoa bera ez zitzaion batere gustatu Houellebecqi; agian, esana duenez, higuina dielako biografiei eta biografoei. Egunkariak nabarmendu duenez, kazetariaren lana «oztopatzen» ibili da hasieratik. Hala, lehenengo erretratuarekin batera, idazleak joan den ekainean idatzitako mezu elektroniko baten berri eman zuen Le Monde-k artikulu batean. Mezuaren bidez, Houellebecqek egunkariari jakinarazi zion ez zuela haiekin hitz egin nahi, eta lagunei eta ezagunei eskatuko ziela haren inguruan ez hitz egiteko.

 

Hain zuzen ere, lagun eta ezagunetako batzuek kasu egin diote, eta ez dute Le Monde-rekin hitz egin nahi izan. Horien artekoak dira, besteak beste, Flammarion argitaletxeko arduradunak eta Mari-Pierre Gauthier, idazlearen emaztea izandakoa.

 

Badira Le Monde-ri baietz esan dioten beste batzuk, ordea; Leo Scheer editorea, kasurako. Aurelien Bellangerrek 2010ean idatzitako Houellebecq, ecrivain romantique biografia baimengabearen editoreak egunkariari adierazi dionez, «hark [Houellebecq] sortzen du bere pertsonaia. Beste inork ez du horretarako eskubiderik».

 

Pertsonaia gailentzea
Orain arte argitaratutako erreportajeek idazlearen literatura goraipatzen duten arren, pertsonaren bestelako irudia zabaltzen dute. Idazleak berak sortutako pertsonaiak pertsonari gaina hartu diola agertzen dute erreportajeek. Cheminek bildutako testigantzek hala baieztatzen dute; esaterako, identifikatu gabeko «lagun» batek honela deskribatu du Houellebecq: «Enperadore txinatar baten gorteaz inguratu da. Biktimatzat aurkezten du bere burua, sufritzen duen izaki baten gisa. Egiaz, tirano bihurtu da».

 

Cheminek egindako erretratuak hala baieztatzen duen arren, gertukoek baino ez dakite Houellebecqek berak sortutako pertsonaia pertsonari gailendu zaion, baina nabarmena da, haren literaturari ez ezik, pertsonaia polemiko bati ere lotuta doala haren izena. Txema Arinas idazleak, joan den martxoan BERRIAn argitaratutako Houellebecq baten posibilitatea artikuluan, zalantzan jarri zuen irudi horren benetakotasuna: «Houellebecqen etengabeko burlaizea hain etengabekoa da ezen kosta egiten den idazlearen ustezko ikuspegi txit erreakzionario hori serio hartzea, hau da, bera ere egiazko misogino, arrazista dela edo sexu obsesioak erabat jota dagoela pentsatzea, bere beste pertsonaiak bezala».

 

Mirespenarekin eta interesarekin batera, etsai ugari ekarri dizkio irudi horrek. «Inoiz zuzentasun politikorik izan ez balitz bezala jokatzen dut. Ez naiz zentro-ezkerreko intelektual bat. Fidagarriagoak zaizkit masak, eliteak baino», adierazi zuen idazleak urtarrilean. Hain zuzen, zuzentasun politikorik eza da pertsonaiak eta haren literaturak elkarrekin dituzten ezaugarrietako bat. Frantziako literaturaren enfant terrible-a bihurtu du horrek.

 

 

 

 

Latsagako gaztelua omendu dute

$
0
0

Besteak beste, han izan da Joseba Asiron Iruñeko alkatea.

 

Latsagako gazteluari omenaldia, Izuran. / Isabelle Miquelestorena

Latsagako gazteluari omenaldia, Izuran. / Isabelle Miquelestorena

Latsagako jauregia Nafarroako Erdi Aroko leinu garrantzitsuenetako baten jatorrizko orubea da, eta Izuran dago (Nafarroa Beherea). XIII. eta XIV. mendeetan garrantzi handia izan zuen gazteluak, eta omenaldia egin dio Nafarroa Bizirik elkarteak.

 

Xafla bat jarri dute tokian bertan. 11:30ean, Latsagako gaztelura bisita egin dute oinez, eta, ordubete geroago, monolitoa eta Gernikako Arbolaren aldaxka inauguratu dituzte. Ondoren, hamaiketakoa egin dute herriko etxean.

 

 

Agertokiaren hiru aurpegi duhaldetar

$
0
0

Agertokia ez zaie arrotza egiten Duhalde familiako hiru kideei. Eszenari gogorki erroturik, musikari, kantari eta teknikaria dira.

 

Txomin Duhalde, Anje Duhaldeeta Unai Duhalde. ISABELLE MIQUELESTORENA

Txomin Duhalde, Anje Duhaldeeta Unai Duhalde. ISABELLE MIQUELESTORENA

Eneko Etxegarai
Luzaz marmarka ibiliko da duhaldetarren artean Unai Duhalde musika teknikaria (Arrangoitze, Lapurdi, 1983). Itzala nahiago izaten baitu agian, argien itzala, agertokiko tela beltzaren atzekoa; hori baitu lekurik gogokoena, naturalena. Elkarrizketara nola iritsi den ez daki, baina, alta, hor da, Anje Duhalde (Arrangoitze, Lapurdi, 1950) eta kantariaren seme Txomin Duhalderekin (Arrangoitze, Lapurdi, 1979) batera. Elkarrizketa ez ezik, argazkiaren flasha ere ez dute oso gustukoa hirurek, baina tira: duhaldetarren etxe atarian, Euskal Herriko agertokietan behin baino gehiagotan elkarrekin topo egin ondotik hirurak elkarrekin argitan dira oraingoan.

 

Arrangoitzekoak dira hirurak, eta han jarri dute hitzordua. Baionatik hamabost minutura baldin bada ere, bidexka baten bukaeran dago etxea, eta guti du ikusteko uda beteko hiriko edo bideetako zoramenarekin. Alderantziz, lasaitasuna da nagusi, isiltasuna. «Egiazko musika isiltasuna da; nota guziek isiltasun hori egokitu besterik ez dute egiten», zioen Miles Davis jazz musikari eta tronpeta jotzaileak. Herriko isiltasunak duhaldetarrengan eraginik izan ote duen, horra galdera.

 

Bakoitza agertokira iristeko ibilbidearen nondik norakoak azaltzen hasi da. Anjerena izan da lehendabiziko erreakzioa: «Zenbat denbora du bakoitzak? Nik arratsalde guzia beharko dut». Semearen eta ilobaren irriak ez dira eskas ebidentzia dirudien galdera horren erantzuna egia zorrotz bihurtzeko. Argitik itzalera, umoretik puntu serioago batera. «Ez dakit nik zein bide ireki dudan; nire bidea egin dut, hori bai», azaldu du Anjek. Gertakarien pertzepzio ezberdina izaten dute norbanakoek eta ingurukoek.

 

Anekdota batez uler daiteke bere bidea egitea herriaren bidea urratzea ere izan dela. Honela kontatu du Anjek:«1975ean, Franco hil eta segidan, Arrasaten Guardia Zibila kontzertu erdian etorri zitzaigun, mikroa kendu, eta erran zidaten ezin nuela kantatu gehiago». Halako anekdotak «asko» izan direla esan du, eta horien kontatzen hastekotan gau guzia beharko zuela.

 

Agertokiko ate hori, musikatik edo teknikatik, betidanik hor egon dela argi dute Unaik eta Txominek. Azken horrentzat, «bat hasi zelako» dabiltza hirurak agertokiko munduan. «Beti ukan ditugu familiarrak horretan; gure aita, Markotx eta Aitz osabak, horretan sortu gara», zehaztu du Unaik. Anjerentzat, alta, haien familia loturak ez du deus ikustekorik horrekin: «Gauzak hola gertatu dira». Pentsakor bota du: «Galdera litzateke zergatik denak horretan garen, mundu horretan bizi garen?». Ilobarekin eta semearekin kontrajarririk: «Ez dakit, ezin dut erantzun», dio kantariak. Sorburua ezberdinki ikusten dute hirurek, dituzten lanbideen gisakoak; kantaria (Anje), musikaria (Txomin) eta teknikaria (Unai).

 

Nola egin Anjeren ibilbidea bi hitzetan laburbiltzeko? Edo izen batzuetan, beharbada? Michel Labeguerie, Michel Ducau, Daniel Landart: halako izenak dira bere ibilbidea aipatzeko erran dituen hirurak. «Ez nintzen batere mundu horretan sortua; ez nintzen batere mundu horretarako egina, egia erran». Eta gehitu du: «Nire aita-amek mila aldiz nahiago zuten beste zerbait egin nezan». Hori erran bezain fite, ilobaren eta semearen erreakzioa bat-batekoa izan da. Biek erran dute: «Nireek ere». Irriak ez dira falta bata besteari so diren bitartean.

 

Ezetza edo baietza izan, agertokia gogor erroturik ikus daiteke duhaldetarren etxean; belaunaldi batek hurrengoari transmititu diola antzeman daiteke. Honela dio Txominek: «Ni hasi nintzen aita-amek musika kontserbatoriora eman nindutenean, eta gero nire aldetik ikasi nuen bateria jotzen, aitaren aholkuekin, baina batez ere bakarrik». Gogoan du txikitan, entsegu bat zen aldi guzietan, entzutera jaisten zela: «Parada ezin hobea zen musikari onak nire etxean ikusteko». Geroztik, bere bidea egin du: «Kontserbatorioko ibilbidea segitu dut saxofoiarekin, konkurtsoa ukan arte». Gaztaroko taldea ere ez du faltan izan. «18 urte arte, Zpeiz Urdeak taldearekin ibili nintzen ezker eta eskuin», dio Txominek. Garaziko musikari batzuek muntatu zuten taldea. «Garai hartan bizpahiru kontzerturentzat hasi banintzen ere, gero denbora osoz aritu nintzen». Hogei urtetan, aitarekin jotzen hasi zen, eta egun, «musikari titular gisa» segitzen du.

 

Aita-semeak kontzertuz kontzertu ibiltzen dira ordutik, baina nola egin soinu, mikrofono eta argirik gabe? Horretan du ilusioa eta lanbidea Unai Duhaldek, Anjeren iloba eta Txominen lehengusuak. «Hirugarrenean egiten den ikastaroa Au Palais des Festivalsen egin nuen, eta, orduan, kontzertuen beste aurpegi bat ikusi nuen, teknikakoa, eta hamar egun horietan jakin nuen lanbide hori egin nahi nuela».

 

Gogoari ezin eutsiz agian, edo kasualitatez, baina «hortik EHZn Maider Etxeberrik ezarri ninduen agertoki gainean lanean». «Biziki ongi pasatu nuen; 18 urte nituen», gogoratu du Unaik. Lehen aldi berezia izan zen: «Eszenarekin izan dudan lehen harremana Arrosan izan zen; beraz, 2002an, Noir Desir eta Anjek jo zuteneko urtean. Bitxia izan zen niretzat, Anje zelako». «Urte hartan, baxoa ez nuen izan, eta Rogerekin agertokiak eta argiak muntatzen hasi nintzen», bota du, irribarre bat ezpainetan. Eszena goseak asetzerik ez balu bezala, Atabal ireki zutenean han lanean hasi zen: «Orain badu 13 urte lanbide hori egiten dudala».

 

Euskal Herria ezagutu
Hiruren artean agertoki asko eta asko ikusi dituzte, edo agertoki askok ikusi dituzte, nahi bezala. Baina badira ehunka metro karratu eszena, hiruren artean zapaldu dituztenak. Imajina daiteke ikusgarrigintza aukera paregabea izan daitekeela Euskal Herriko leku eta jende ezberdinak ezagutzeko. Horretan ere kontrajarriak dira hiruren erantzunak, bertan egiten duten lanaren araberakoak, agian. Bakoitzaren bizipenak denboraren parametroari hertsiki lotuak dira.

 

Teknikan ari denarentzat beti berdina izaten da. «Iritsi, muntatu, desmuntatu eta joan. Ez dugu gauza handirik ikusten: plaza, ostatua eta plaza. Nik behintzat», dio Unaik. Leku bat, ezer ez izanik ere, dena izatea da teknikari baten lana: soinua, argia, agertokia, probak, kontzertua…«Heldu zara, eta ez da deus: dena igo behar da; igotzerako taldea hor da, eta orduan entseguak egin behar dira, jan, kontzertua egin, desmuntatu eta joan». Sakonki ezagutu gabe ere, «hegoaldeko festak, gazte egunak, topaguneak… ezagutu ditut. Su Ta Garri guk genizkien argiak egiten; beraz, Euskal Herriko herri txiki guziak pasatu ditugu». Anjek, aldiz, beste harreman bat izan du herriarekin: «Niretzat pixka bat ezberdina zen, batez ere Akelarrerekin; denbora genuen herriak eta jendeak ezagutzeko, ez beti doakizun jendea, baina nik xantza hori izan dut, egia erran». Pentsakor puntu batekin gehitu du: «Nik uste dut horri esker Euskal Herri osoko zoko gehienak ezagutu ditudala». Eta tonu bihurri batean bukatu du: «Zokoak aipatzen ditudanean, zokoan diren jendeak ere bai».

 

Txominek musikari izateaz aita eta lehengusuaren bizipen ezberdina duela dio: «Jendea artista baten ikustera heldu da, ez baitezpada musikari guzien ikustera; beraz, egia da lekuak ezagutzen ditudala, baina jendearekin harremana ez dut hainbeste egin». Musikarien bizitzaz izan daitekeen iruditik urrun kokatzen dira Txominen erranak, nahiz eta bere azken esaldiari ñabardura bat gehitu dion: «Hala da aitarekin jotzen dugunean; gaztetan, beste taldeekin gazte giroan ginen, batzuetan han egoten ginen gaua pasatzen; eta festa giro gehiagorekin harremanak sortzen dira».

 

Musikarien egunerokoaz, Anjek hau zehaztu nahi izan du: «Musikarien artean ere bada berezitasun hori. Nire garaian, ontsalaz, beti aipatzen zen ligatzearena, neskekin edo mutilekin, eta nork zuen guztien ligatzen talde batean? Beti bateria izaten zen, bildu orduko denak joanak baitziren». Unaik, bat galdu ezinik, Txomini so galdetu du:«Egia da bateria?». Eta, lasaitasun osoz, baietz ihardetsi dio Txominek. «Ez du egia erranen edozein gisaz; orduan, berdin da», gaia aitak zabaldu eta aitak itxi du. Irrien artean, orduari begiratu, eta erran du Txominek: «Aldiz, aski fite bukatzen ahal badugu, zeren Usurbilera joan behar dut entsegu batera». Etenik ez duen lotura da agertokiarena, belaunaldi hauena bezala, dirudienez.

 

Eta denak batera?
Jakin ezean, publikoak ez luke asmatzen ahalko, baina hirunaka kontzertu bat egin dezakete: musika, kantua eta teknika. Kontzertu berezia izateko formula magikorik ez bada ere, lehen aldiek berez eramaten dute berezitasun hori. Lehen aldiez oroit dira hirurak. Lehen aldia aitarekin kontzertua, semearekin, lehen aldia osabarekin lanean, ilobarekin…

 

Anjek plazerez eta ilusioz gogoratzen ditu semearekin eta ilobarekin agertokian partekatu zituen lehen uneak. «Gogoan dut Azkarateko kontzertu hori; gure bateria jotzaile Iban Zugarramurdi ezin zen etorri, eta ibili nintzen ea nor izan zitekeen ordezkoa. Ordurako honek [Txominek] nire errepertorio guzia ezagutzen zuen; dena entzuten zuen etxean, eta jauzia egin nuen». Txominek oroitu du ordukoa: «Garajetik agertokira igo nintzen, gauza handirik pentsatu gabe; 16 urte nituen, eta aitarekin jo nuen». Lehen kontzertu hartaz entsegu baten oroitzapena du Txominek. Anjerentzat, berriz, ez zen hain ona izan: «Nik uste ikara handiagoa nuela nik berak baino; gaizki pasatu nuen, baina bukatzean biziki ongi joan zen».

 

Unaik 2002ko EHZn topo egin zuen lehen aldiz osabarekin eta lehengusuarekin. Anjerentzat, plazer bat izan zen: «Niretzat, plazer bat izan zen Unai gazte- gazte ikustea —arduratsu, gainera—, beti prest laguntzeko, 2002tik aurtengo edizioraino; plazerez ikusten duzun gauza bat da, prezatzekoa». Aurten, beraz, EHZn hirurak elkarrekin aritu dira agertokian. Unai tela beltzaren itzalean, ordulariari begira, eta denbora ate-joka; modu batez edo bestez, osabaren eta lehengusuaren kontzertua motzago egin behar zuen. «Jamariri [Anjeren agentea] aurten hiru kantu kendu dizkiot, edo lau…», dio Unaik. Anjek berehala erantzun dio: «Lau. Eta Jamariri ez, haren bitartez niri». Irriz azaldu du Unaik: «Jamarik erran zidan: ‘Ados, baina gero zuk ikus zure osabarekin’. Orduan Anjek bukatu baino pixka bat lehenago eskapatu naiz, eta ez zenean gehiago hor, itzuli naiz berriz». Anjerentzat, afera ontsa pentsatua zen. «Publikoari ezin diozu inposatu denboraz pasatzen den gauza bat. Hasten jakin behar da, eta bukatzen ere bai».

 

Arratsaldea aurrera doa, eta bakoitzak bere zereginetara itzuli behar du. Arrazoi zuen Anjek: hasiz gero, gau osoa beharko litzateke. Txomin Usurbilera doa entsegu batera, musikari distantzia eta mugak arrotzak zaizkion bezala. Anjek, altxatu, eta naturaltasun osoz agurtu du. Denak joan, eta Unai geratu da. Alta, agertokirik ez da gaur desmuntatzeko, argirik ere ez, teknikari lana barruraino sartua duelako agian.

 

 

 

Trenetako segurtasuna zorroztea aztertzen ari da Paris

$
0
0

Urtarrileko atentatuez geroztik, 7.000 militar daude Frantziako 3.000 tren geltokiak zaintzen. Horretaz gain, telefono zenbaki bat ere jarriko dute “mehatxu terroristak” salatzeko.

 

Polizia tren geltoki bat zaintzen, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Polizia tren geltoki bat zaintzen, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE

Joan den ostiralean, Frantziako Poliziak 25 urteko Ayoub El-Khazzani atxilotu zuen Amsterdamdik Parisera zihoan abiadura handiko trenean. El-Khazzanik hiru pertsona larri zauritu zituen gainean zeraman kalashnikov fusilarekin. Arma horretaz gain, pistola bat ere aurkitu zioten atzeman zutenean. Poliziak atentatu terroristatzat jo du erasoa. El-Khazzaniren abokatuak, aldiz, argudiatu du armak “aurkitu” egin zituela, eta haren asmoa “jan ahal izateko lapurtzea” zela.

 

Erasoak, ordea, trenetako segurtasunaren inguruko eztabaida eragin du, beste behin. Urtarrileko atentatuez geroztik, Parisek 7.000 militar jarri zituen estatu osoko 3.000 geltokiak zaintzen. Irailetik aurrera, berriz, SNCF tren enpresak telefono zenbaki bat ere jarriko du abian, herritarrek “ezer arrarorik” ikusiz gero salatu ahal dezaten.

 

Zenbaitentzat, hala ere, neurri horiek ez dira aski, eta aireportuetan indarrean dauden neurrien antzekoak eskatu dituzte tren geltokietan ere. Gaur egun, soilik Erresuma Batura doan Eurostar trenerako sartu-irtenetan daude halako segurtasun neurriak, eta adituen esanetan, “ia ezinezkoa” litzateke horiek tren guztietara zabaltzea. Dena den, Parisek ez du baztertzen egun indarrean dauden neurriak zorroztea.

 

Bestetik urtarrilean gertau moduan, Schengen eremuaren gaineko eztabaida ere mahai gainean da. Izan ere, “terrorismoa” gelditzeko aitzakian, gehituz doaz Europatik askatasunez mugitzea ahalbidetzen duen ituna aldatzearen aldeko ahotsak.

 

 

 

Geroa eta oraina, laborarien esku

$
0
0

Euskal Herriko Esne Kooperatiba osatzen duten 103 familiek finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu berri dute, kooperatibak dituen proiektuak garatzen laguntzeko; 100.000 euro lortu nahi dituzte.

 

Besteak beste, Interneteko salmenta hasi eta Alduden denda bat ireki nahi du kooperatibak. BIXOKO KOMUNIKAZIO AGENTZIA

Besteak beste, Interneteko salmenta hasi eta Alduden denda bat ireki nahi du kooperatibak. BIXOKO KOMUNIKAZIO AGENTZIA

Eneko Etxegarai
Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriko Esne Kooperatiba osatzen duten 103 familiek, kooperatibak dituen proiektuak garatzen laguntzeko. Arrakastatsua izaten ari da: 100.000 eurotan jarri dute helburua, eta, hogei egunetan, 81.000 euro bildu dituzte. Uztailaren 31n abiatu zuten kanpaina. «Ontsa abiatua da: egunean, 50 pertsonak 6.000-7.000 euro artean ematen dizkigute», azaldu du Nicolas Cachenaut laborari, kooperatibako kide eta diruzainak (Gamarte). Irailaren 28ra arte du lagundu nahi duenak.

 

Batuko duten diruak proiektua garatzen lagunduko du. Askotariko egitasmoak dituzte kideek: Interneteko salmenta hasi; produktu berriak sortu; Donibane Garazin irekitako dendaz gain Alduden beste bat ireki; produktu biologikoak garatu, eta manex ardi arrazaren esnearekin soilik egin gasna bat ekoitzi.

 

Oraingoan ere, kooperatibaren egitasmoa aurrera ateratzeko, beren baitarik hasi dira laborariak. Euskal Herriko Esne Kooperatiba bi banku handik finantzatu zuten bere garaian, baina salmentak emeki hasi direla azaldu du Cachenautek. «Halako tresna bat martxan jartzeak denbora hartzen du: tresneria egokitu behar da, produktuak ezagutarazi, dastarazi, gero erosleek pentsaketak egin behar dituzte», gaineratu du laborariak.

 

«Nahiz eta uda honetan gauzak hobeki diren, salmentak emeki abiatu direnez, ezin izan dugu hirugarren banku hori atzeman, eta, horretarako, finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri dugu martxan», argitu du Cachenautek. Dirua biltzeko plataforma kudeatzen duen enpresa Pariskoa da, eta lehen aldia du tamaina horretako proiektu bat eramaten. «Guk esplikatu diegularik gure egoera, hau da, 100 familiatik gora ginela eta 25 langile inguru, berehala erran digute ibili behar zuela».

 

Desmartxa nola igaro den azaldu du kooperatibako kideak: «Telefonoz aritu gara lanean, konfiantza osoz, eta behin gure instalazioak ikustera etorri ziren». Hortik aitzina, «esplikatu digute komunikazioa nola egin behar genuen; mezu elektroniko batzuk bidali ditugu, baina ez da aurrelanketa asko izan. Diru bilketa abiatu dugu, eta martxatu da».

 

Ikasturte hasierarako, beste diruztatze kanpaina bat jarriko dute abian. Bigarren hori kapital kanpaina bat izango da, enpresei edo inbertsore handiei zuzendua, nahiz eta norbanakoak ere parte hartzen ahalko duen. Irailaren 1ean hasiko da. «Ekarri kapitala bost urtez blokeatua izanen da», zehaztu du Cachenautek. Seigarren urtetik goiti, aurreratutako kapitala interesekin itzuliko zaie inbertsoreei, lau urtez jarraian. «Bost urtez blokeatu behar da, desfiskalizatzea bilatzen ahal dutelako batzuek», azaldu du.

 

Kapitalean dirua ematen duenak hitza izango du erabakigune kolektiboan, baina laborariak dira gehiengoa atxikiko dutenak. Bi finantzaketa kanpainen artean milioi bat euro biltzea du helburu Euskal Herriko Esne Kooperatibak. «Helburua 2016an dugu: errentagarritasuna lortu nahi dugu ordurako», azaldu du Cachenautek, baina, horretarako, oraindik partaide komertzialak aurkitu behar dituzte.

 

Aspaldiko borroka
Enpresarien saretik atera eta haien oraina zein geroa beraien eskutan hartzea ez da gauza berria Aldudeko ibarrean. 1970ean sortu zen Euskal Herriko Esne Kooperatiba. Hogei urte berantago, 400 laborarien tresna bilakatu zen. 1991n, esnearen krisian, lehen lerroan aritu ziren krisiaren kontra. Hala nola garai hartako industriak esne litroaren beherakada iragarri zuen, eta, ondorioz, kooperatiba desegitea proposatua izan zen.

 

Horrekin batera, kideak esnetegi handietan integratzeko proposamena egin zen. Baina kooperatibako 70 ekoizleen integrazioaren aurka agertu zen industria, manifestazio eta protesten liderrak zirelakoan. Azken horiek berrantolatzen hasi ziren, eta Euskal Herriko Esne Kooperatiba berreskuratzea lortu zuten.

 

2011n, kalapitak izan ziren berriro ere, industriak bederatzi milioi esne litro ekarri nahi izan zituenean Frantziatik, Nafarroatik eta Espainiatik, kooperatibako 4.000 litrok hartzailerik ez zutenean. Ondorioz, esne hori industriaren egoitza aitzinean isuri zuten laborariek.

 

Horrez gain, interprofesionalen bileran, enpresariek kooperatibaren esnea ez hartzeko agindua eman zieten beste esnetegiei; hala ere, laborariak kooperatibatik ateraz gero, guziei banan banan esnea hartzeko adostasuna adierazi zuten. Azken puntu horri baldintza bat jarri zioten, gainera: laborari guziek atera behar zuten kooperatibatik, bestela ez zioten inori ere hartuko esnerik. Orduan, Jean Luc Etxart laborariak salatu zuen kooperatiba desagerrarazteko helburua zutela. Gaurko egun, 103 etxaldek osatzen dute Euskal Herriko Esne Kooperatiba, eta guztira 25 pertsonek lan egiten dute, dendan eta gasnategian.

 

 

 

Biztanleek elikatzen dute

$
0
0

Merkataritza eta zerbitzuak dira nagusi Baionan, Ipar Euskal Herri ia osoan bezala. Demografia mugimenduekin dago estu lotua, ekonomia egoiliarra baita nagusi. Industria xumea izanagatik, baditu gara daitezkeen arlo batzuk. Eraikuntza sektorea ere hazten ari da.

 

p010_i01Maddi Ane Txoperena Iribarren
Baionako ekonomia ahula dela. Uste horixe dago zabalduta jende anitzen buruan. Edo bederen, Euskal Herriko bertze hiri handiekin alderatuz gero, ahulagoa dela. Ustea ez da erabat zuzena, ordea. Apalagoa baino gehiago, ezberdina bailitzateke eredua: ez hain produktiboa. Xabi Larralde ekonomialariaren arabera, ekonomia egoiliarraren ezaugarriak ditu Lapurdiko hiriburuak, hain zuzen: merkataritza eta zerbitzuek dute nagusitasuna “enpresen %86 dira”, eta horietan merkataritzak eta garraioek dute pisu handiena “enpresen %64,8″. Industriak, aldiz, indar txikiagoa du “enpresen %5,4″, baina garatuz joateko aukerak ditu.

 

Hirugarren sektorea da nabarmen nagusi, datuek argi erakusten dutenez. Eta, Larralderen arabera, hurbileko zerbitzuak dira horiek, bereziki: «Dagoen merkataritza ez da nazioartekoa: dendak dira, supermerkatuak… Zenbat jende duzun eta zein dentsitatetan bizi den, horren arabera izanen dira hainbat komertzio eta zerbitzu». Txikizkako merkataritzakoak dira, adibidez, Euskal Kosta-Aturriko enpleguen %10: saltegi anitz daude, eta ia Ipar Euskal Herri guzitik zein Landen zati batetik joaten da jendea bertara erosketak egitera. Osasun alorrak ere badu garrantzia: enpleguen %18 ari dira horretan. Baionan daude, hain justu, Ipar Euskal Herriko erietxe nagusiak. Eta horrela hainbat eta hainbat zerbitzutan. Industriakoak, berriz, enpleguen %7 baizik ez dira.

 

Zerbitzuak nagusi izanik, behin-behineko biztanleen ” turistak” eta herritarren beharrei erantzuteko moldatzen da ekonomia: horregatik da egoiliarra. Eta, justuki, gero eta biztanle gehiago ditu Baionak: 2007an, 44.498 lagun bizi ziren; 2012an, berriz, 45.855. Urtez urte gorantz doa biztanle kopurua, eta hala jarraituko duela kalkulatzen dute adituek. Baina ez, preseski, sortzeengatik “berezko hazkundea ia hutsaren parekoa da”, kanpotik etorritako jendearen eraginez baizik. Larralderen ustez, garrantzia du horrek: «Egoiliar aktibitateen motorra demografia da, hots, biztanleriaren dinamikaren bitartez bizi da, eta, beraz, oso inportanteak dira kanpotik etortzen diren jendearen jarioak».

 

Baiona ezin da modu bakanean aztertu, halere, Larralderen ustez. Ipar Euskal Herriko ekonomia berdintsua baita leku guzietan, detaile gutxi batzuk gorabehera “laborantza bereziki barnealdean dago”. Aldi berean, Euskal Kosta-Aturri hirigunean kokatu behar da Baiona: «Hirigune integratu bat da; oso zaila da herri batetik bertzera zatitzea». Lapurdiko herriok daude hirigunean Baionarekin batera: Bidarte, Miarritze, Angelu eta Bokale.

 

EPEL

EPEL

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak ere (MIG) hiriguneko datuak ematen ditu: ez ditu aztertuak soilik hiriburukoak. Larralderen analisiarekin bat datoz: sektoreen banaketa berdintsua da Euskal Kosta-Aturrin eta Ipar Euskal Herrian. Bietan da nagusi hirugarren sektorea, eta industria ahula da, antzeko proportzioetan. Lurraldearen orekan dago aldea, ordea. Izan ere, kopuru absolutuek hirigunearen alde egiten dute: Ipar Euskal Herriko enpresen heren bat eta enpleguen erdiak baino gehiago Euskal Kosta-Aturrin daude. Eta gauza bera gertatzen da biztanleriarekin ere: gero eta biztanle gehiago dago Ipar Euskal Herrian, baina Euskal Kosta-Aturrira doaz gehienak bizitzera. Ekonomia eta demografia puntu berean kontzentratzea eragiten du horrek, eta, beraz, lurraldearen desoreka areagotzea: «Kontzentrazio fenomenoa itzela da».

 

Lurralde erakargarria
Gero eta biztanle gehiago, eta horientzako lana ere bai: «Badago erakargarritasun demografiko bat. Erraten dute Ipar Euskal Herrian hemendik hamar urtera 50.000 biztanle gehiago biziko direla». Ugarituz doan biztanleria horrek bizilekua behar du, ordea, eta, hortaz, eraikuntzaren sektorea hazten ari da. Etxegintzarena izan da proportzioan enpresa gehien sortu duen arloa Baionan, hain zuzen: %26,4ko enpresa sortze tasa du. Baionaren inguruetan eraikitzen ari dira bereziki: «Hirigunean eraikuntza proiektuak leku guzietan badira». Ez da Hego Euskal Herrian gertatu izan den bezalako burbuilarik, halere: «Espainiako estatuan kredituaren bitartez eraiki zuten, baina, krisiarekin, ohartu dira jendeak ez zuela egiazki erosahalmenik hainbeste etxebizitzarentzako. Aldiz, hemen, badago aurreikuspen demografiko bat».

 

Behar baino mantsoago ari da eraikuntzaren sektorea, ordea, Andre Garreta MIGeko presidentearen ustez. Izan ere, bertako enpresek badute lehia: «Espainiatik eta Portugaldik datoz eraikuntza enpresak, eta, kalte fiskalik ez dutenez, prezio merkeagoak eskaintzen ahal dituzte». Ez da bakarrik etxeen eraikuntza, ordea. Horrekin batera baitatoz azpiegiturak eta saltegi handiak ere. Ikea berria zutik da jadanik: heldu den astean irekiko ditu ateak. Merkataritzako bertze adibide bat, eta baita etorriko den jendetzari eskaintza bat egitekoa ere.

 

Turismoa ere erakartzen du Baionak, finean, merkataritza eta ostalaritzarekin lotuta, baita ondare kulturalagatik ere. Orotara, hemezortzi hotel eta aterpetxe bat ditu, baina kanpinik ez. Miarritze ageri da erakargarrien turisten begietara, dena dena. Hirigunearen parte dena, hori ere.

 

Sylvain SENCRISTO

Sylvain SENCRISTO

Industria preziatua
Industriak indar gutxi izanagatik, Larraldek dagoen horren nolakotasunean ezarri du arreta: «Industria ez da oso ordezkatua, baina dauden aktibitateak askotarikoak dira». Hiru puntu interesgarri dituzte Baionak eta Euskal Kosta-Aturrik, haren hitzetan: Baionako portua, Izarbel teknopoloa eta hegazkingintza. MIGek, erraterako, aztertua du portuaren eragin sozioekonomikoa: zeharka 3.414 enplegu sortzen ditu Baionan eta inguruko herrietan. Baionan, zehazki, 56 enpresa eta 970 lagun ari dira lanean portuari esker. Azken urteotan gorabeherak izan dituen arren, laster indar handiagoa hartuko duela azaldu du Larraldek, bertze enpresa «handi» bat finkatuko baita “200 langile ingurukoa”: «90eko hamarkadan UCIN altzairu enpresa etorri zen Baionako portura, eta pareko bat instalatuko da aski fite».

 

Izarbel teknopoloa, bertzalde, Bidarten dago, ESTIA ingeniaritza eskolaren ondoan. Hirigunearen zati garrantzitsua da: «Klusterrak sortu dituzte, formakuntza, ikerketa eta jarduera ekonomikoa lotzen dituztenak». Berrikuntzan indartsuak dira, Larralderen aburuz: «Badira puntako ekoizpenak; adibidez, Robosoft enpresa, roboten arloan». Horri gehitu behar zaio, azkenik, hegazkingintza: Turbomeca enpresa dago Bokalen, eta Dassault-en lantegi bat, berriz, Miarritzen. Helikopteroen motorrak egiten ditu lehenak, eta bigarrenak, berriz, jet pribatuentzako piezak.

 

Etorkizuna badu industriako arlo horrek Larralderen aburuz, Txinatik badelako eskari handia: «Hozkailuak edonork egiten ditu egun, baina hegazkinak oraindik ez. Heldu den hogei urteetan arrakasta izanen du hegazkingintzak». Lurraldeko bertze zatietara ere hedatua da gainera: «Badira horri lotuta lan egiten duten enpresak Hazparnen [Lapurdi] eta Zuberoan». Berrikuntza eta hegazkingintza uztartuz, munduko helikoptero txiki eta arinena asmatu dute: Fandango du izena, eta auto baten gisan erabil daiteke.

 

Horiek guziak enpresa txikiak izanagatik “bertze sailetan ere enpresa txiki eta ertainak dira nagusi”, garatuz joan daitezkeela uste du Larraldek: «Afera ez da handitasuna, baizik eta kalitatea». Garreta ere industriaren garapenaz mintzatu zen joan den martxoan Ipar Euskal Herriko ekonomiaren analisia egiterakoan. Izan ere, horixe da orain hobekien doan sektorea: «Kanpo merkatuek erakartzen dute, eta horrek barne merkatuen lozorroa orekatu dezake».

 

Ezin jakin, halere, aurreikuspen guzi horiek beteko diren. Eta bitartean, hainbat erronkari egin beharko dio aurre Baionako eta Ipar Euskal Herriko ekonomia egoiliarrak. Nola gainditu hiria eta barnealdearen arteko desoreka? Eta nola hartu kanpotik datorren biztanleria hori guzia?

 

 

 

Gizon baten gorpua atzeman dute Hendaiako hondartzan

$
0
0

66 urte zituen gizonezkoak. Itsasertzetik 150 metrora zegoen, uretan.

 

Atzo eguerdian hilik agertu da gizon bat Hendaiako Bikien hondartzan. Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez, bertako suhiltzaileek 14:30ak aldera jaso dute abisua. Zaintza eremutik kanpo aurkitu dute. 66 urteko gizona suspertzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin.

 

Lekukoek urrunera pertsona baten gorpua ur gainean flotatzen ikusi dutela adierazi dute.

 

 

 


Hutsetik hasita

$
0
0

Baionak erabateko iraultza izan du taldean, maila galdu ondotik eta Miarritzerekin bateratzeak huts egin eta gero. Hogei jokalarik taldea utzi dute, eta hamahiru etorri dira. Entrenatzaileak eta presidenteak ere berriak dira.

 

Vincent Etxeto, aginduak ematen. Hura da Baionako entrentzaile berria. BERRIA

Vincent Etxeto, aginduak ematen. Hura da Baionako entrentzaile berria. BERRIA

Eneritz Zabaleta
Aste gutxian, goitik behera aldatu dira gauzak Jean Dauger inguruan. Azken egunetan Baionaren lan saioak ikusi dituen zaleari kosta egingo zitzaion zelaian zeuden jokalariak ezagutzea. Ez da gutxiagorako, Baionaren bisaia erabat aldatu baita ekainetik hona. Orotara, hogei jokalarik utzi dute taldea. Haien ordez, hamahiru etorri dira, eta harrobitik ere beste hainbeste igo dira lehen taldera.

 

Baionak iraultza handia izan du uda honetan. Presidentetzatik hasi, entrenatzaileekin jarraitu, eta jokalariekin bukatu, denak edo kasik denak berriak dira. Presidenteari dagokionez, Manu Merinek postua utzi du, bateratzearen porrotaren ondotik. Haren ordez, bi pertsona ezagun daude: Francis Salagoiti eta Christian Deveze. Salagoiti Baionako presidente izan zen 1999tik 2011ra, eta Deveze, presidenteorde. Aldi honetan, biek dute presidente kargua.

 

Entrenatzaile postuan, Patricio Noriegarenak egin du. Salagoiti eta Devezerekin eskutik, Vincent Etxeto etorri da. Haren laguntzeko, Dewald Senekal ariko da aitzineko entrenatzaile lanetan, orain aste batzuk Baionan erretiroa hartu ondoren.Talde berriak ez du lan makala izan, kluba goitik behera eraberritu behar izan baitu. Ekainaren 27an hartu zuen Salagoitik kargua, eta Vincent Etxeto uztail hasieran iritsi zen Baionara. Egoera zaila zuten parean, hogei jokalarik beste talde batekin izenpetua baitzuten kontratua. Haiek ordezkatzeko jokalariak fitxatzeko epea amaitua zegoen ekainaren 30etik. Egun horretan, Richard Choirat eta Peter Van Lill ziren fitxatutako bakarrak.

 

Zuzendaritza berriak, beraz, salbuespen bideak erabili behar izan ditu jokalariak fitxatu ahal izateko. Lehen pista langabezian zeuden jokalariak ekartzea izan da. Bide hori erabiliz erakarri dituzte Baionako jokalari ohi zenbait: Benjamin Thiery eta Thibault Lacroix, esaterako. Julien Jane, azken sasoietan zazpinakako errugbian aritutakoa, eta Petrishvili Brivekoa ere bide horri esker ekarri dituzte Baionara.

 

Beste jokalariak ekartzeko, salbuespenezko estatusak erabili dituzte baionarrek; jokalari gehigarri-en estatusa batik bat. Estatus horri jarraikiz, sasoian edonoiz lau jokalari fitxatzeko eskubidea dute taldeek. Lau jokalari horiek udan bertan ekarri ditu Baionak. Azkenik, hainbat jokalari utzita etorri dira Baionara. Horrela iritsi dira Johannes Henry, Simon Courcoul, Lucas Meret eta Guillaume Ducat gazteak.

 

Horiek horrela, gelditu diren zuloak harrobiko gazteek bete dituzte. Anitz dira Baionako bigarren taldetik eta, batzuetan, gazte taldeetatik lehen mailara pausoa eman dutenak. Sayerse, Tisseron, Laveau eta Taufa gazteak gerturik zaindu beharko dira.

 

Baldintza horietan, zer espero dezake Baionak? «Ahal izan dugun moduan fitxatu ditugu jokalariak. Ezin dut erran nahi nituenak ekarri ditugula. Aldiz, genituen eragozpenak ikusiz, ahal duguna egin dugu, eta aski pozik nago», azaldu du Vincent Etxeto entrenatzaile berriak. Ez du lan erraza izanen, proiektua hutsetik hasi beharko baitu. «Agian hobe da dena hutsetik hastea. Kasik denak gara berriak, eta oinarri berri batzuk ezartzen ahalko ditugu».

 

Harrobitik igotako jokalariak, utzita etorritakoak… gaztetasuna da nagusi Baionan. Bigarren Mailan, baina, eskarmentu handia behar da, batik bat aitzinean borroka handia egoten delako. «Gazteek Bigarren Mailaren exijentziara fite egokitu beharko dira», ohartarazi du entrenatzaileak. Zorionez, dena ez dira berri txarrak, eta iragan sasoiko taldeko jokalari batzuek taldean jarraituko dute. Iginiz, Aragnese, Haare, Marmouyet eta Monribotek lider rola hartu beharko dute. Monribot izanen da kapitain berria. Haien ondoan, Etxetok «iritsi berri zaharrak» deitzen dituenak daude. Aurretik Top14an aritutako langabeak.

 

Lehentasuna, kohesioa
Taldekide berri guztien artean kohesioa atzematea da lehentasuna. Iragan astean, sasoiko lehen lagunartekoa jokatu zuen Baionak. Bordeleren aurka eta 36-14 galdu zuen. Lehen partida izanik, zaila da ondorioak ateratzea. Orotara 30 jokalarik jokatu zuten, eta kohesio falta ikusi zen, baina baita gauza interesgarriak ere. Uztartzeetan, Taufa 20 urteko gaztea bikain jardun zen. Rouet eta Monribotek Top14ko maila dutela erakutsi zuten. Jokalari berrien artean, Henry, Thiery, Huete eta Tisseronek gauza ederrak erakutsi zituzten. Harmailetan, 7.000 zale egon ziren, taldeak oraindik ere sostengu handia duela erakutsiz. Gaur, Racingen aurka jokatuko dute baionarrek.

 

 

 

Hendaia eta Bordele arteko trena gidatzeari uko egin diote lineako 81 langileek

$
0
0

Kontrol sistemak akatsak dituela eta istripuak gerta daitezkeela salatu dute. Lau gidari zigortu ditu SNCFk; auzitara eramanen dute langileek.

 

Kontrol sistemak huts eginez gero, gerta daiteke hesia ez ixtea trena pasatzerakoan. GAIZKA IROZ

Kontrol sistemak huts eginez gero, gerta daiteke hesia ez ixtea trena pasatzerakoan. GAIZKA IROZ

Maddi Ane Txoperena Iribarren
Berritu berria dute Hendaia (Lapurdi) eta Bordele (Okzitania) arteko tren zerbitzua, baina haren kontrol sistema automatikoa ez dabil beti behar bezala. Hain justu, urtarrilaren 11n zazpi aldiz huts egin zuen, Julien Delion CGT sindikatuko ordezkari eta tren gidariak BERRIAri azaldu dioenez. SNCF tren konpainia publikoak hainbat ikerketa egin ditu ordutik arazoaren iturria identifikatzeko, baina ez dute ondorio ziurrik atera. Halere, ez dute bertan behera utzi tren horien erabilera. Hori dela eta, Hendaian eta Baionan lan egiten duten linea horretako 81 gidariek uko egin diote trena gidatzeari. Konpainiak neurriak hartu ditu langileen aurka: zigor ekonomiko eta administratiboa ezarri die lauri. Lan auzitegira eramanen dute haiek SNCF.

 

Ez dute tren guziek sortzen arazoa: soilik X73500 izenekoek. TER trenak dira, hots, aldirikoak, eta 75 eserleku ditu bakoitzak. Bordele eta Hendaia artekoak dira berritu dituztenak, eta sistema automatikoa dute, Delionek azaldu duenez: «Korronte elektrikoa igortzen dute errailetara, eta horrek trenaren presentzia iragartzen du. Horri esker, autoen pasaguneetako hesiak ixten dira, baita trenaren gibeleko langak ere». Arrisku ugari saihesteko sortua da sistema, berez. Baina ez ditu beti seinaleak ongi bidaltzen: «Zazpi aldiz gertatu da kontrol pantailetatik desagertzea trena».

 

Segurtasun arazo «larriak» eragiten ditu horrek, Delionen hitzetan: «Gerta zitekeen tren bat gibeletik etorri eta talka egitea, edo bi trenek parez pare elkar jotzea». Urtarrilaren 11koa ekarri du gogora, adibide gisa: «Errepideak eta trenbideak elkar gurutzatzen duten leku batean, autoentzako hesia ez zen itxi, eta trena abisatu gabe pasatu zen. Orduko 130 kilometroko abiaduran doa trena, eta, zorionez, ez zen deus gertatu. Baina auto edo autobus bat pasatu izan balitz, katastrofe handia gerta zitekeen».

 

Hipotesiak baizik ez
Arazoa konpondu artean X73500 trenak ez dituztela gidatuko adierazi dute CGTko kideek, eta zergatiak azaltzeko bidaiariak informatzen ari dira azken egunotan. Arazoaren iturria, nolanahi ere, ez dute argitua. «Zortzi ikerketa egin eta gero, SNCFk ez du lortu ondoriorik ateratzea. Haien ustez, ez da materialaren arazoa, ezta trenbidearena ere. Lurrak, haziek eta orbelak eragin omen dute kontrola galtzea. Hipotesi bat bertzerik ez da, eta ez dute frogarik, baina komeni zaie hala izatea, hartara ez luketelako materiala aldatu beharrik izanen».

 

Langileek uko egin diotenez tren mota hori gidatzeari, bertzelako sistemekin dabiltzanak erabiltzen dituzte orain. Udako lau asteazkenetan eskatu diete arazoak sortzen dituztenak gidatzeko, ordea, eta kasu horietan ezarri diete zigorra langileei, aurka egiteagatik. Baliteke gaur bertze gidari bat zigortzea Akizen (Okzitania), arrazoi beragatik.

 

 

 

Baionako Ikea saltokia zabaldu dute, lanpostuen itxaropenaren eta mesfidantzaren artean

$
0
0

Orotara 250 milioi euroko inbertsioa egin dute 76.000 metro kuadroko merkataritza gunean. Euskal Herrian kokatutako bigarren Ikea denda da Baionakoa. Urtero zortzi milioi bisitari espero dituzte. Denda gunea “aukera ekonomikoa” dela nabarmendu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak.

 

Isabelle Miquelestorena

Isabelle Miquelestorena

Nora Arbelbide Lete
Kritika ugari jaso zituen proiektuak aurkeztu zutenean. Denda txikiei eragingo dizkien galerak ez ezik, ingurumenari eragindakoak ere salatu zituzten aurkariek. Oztopoak oztopo, ordea, gaur inauguratu dute saltoki gune erraldoia, 300 gonbidatu ingururekin.

 

Hasieratik agertu dira proiektuaren alde hainbat politikari, besteak beste, Alain Iriart Hiriburuko kantonamenduko kontseilari nagusia izan da egtiasmoaren bultzatzaileetako bat. Hain zuzen ere, egitasmoak sortuko dituen lanpostuetatik %70 bertakoentzat izango direla nabarmendu du Iriartek. Harekin bat etorri da Jean Rene Etxegarai Baionako alkatea ere: “Gure esku da errealitate ekonomikoa aukera ekonomiko bilakatzea”.

 

Ikeak 24.000 metro kuadro pasa hartuko ditu, baina altzari dendaz gain beste hainbat saltoki ere bilduko ditu 76.000 metro koadroko eremua duen merkataritza guneak. Orotara 250 milioi euro bideratu dituzte proiektu honetara, horietatik 91 milioi Ikearentzat izan dira.

 

Itxaropentsu daude proiektuaren bultzatzaileak. Milioi bat kontsumitzaile dituzte begi bistan. Urtero zortzi milioi bisitari espero dituzte. Horretaz gain, merkataritza gune guztian 1.200 enplegu sortzea aurreikusi dute.

 

Mesfidantza
Merkatari txikiek, ordea, ez dute begi onez ikusi Hiriburuko Ametzondo eremuan kokatutako merkataritza gune erraldoia. Ohartarazi dute sortzen diren bi lanpostuko, beste hiru desagertuko direla. Horretaz gain, langile horien baldintzen inguruan ere kezka agertu dute hainbatek, eta salatu asko lan baldintza prekarioetan ariko direla lanean.

 

 

 

Presoak hurbiltzearen alde agertu da Taubira

$
0
0

Frantziako Justizia ministerioa eta «euskal presoen aldeko elkarteetako ordezkari zenbait» uztailaren 8an bildu ziren. Espainiako Justizia ministroarekin elkartuko da gaur

 

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. Y. V. / EFE

Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, artxiboko irudi batean. Y. V. / EFE

Maddi Ane Txoperena Iribarren

AFP berri agentziak jakinarazi eta BERRIAk baieztatu ahal izan duenez, Frantziako Justizia ministerioa eta «presoekiko elkartasunez lanean ari diren elkarteetako zenbait ordezkari» uztailaren 8an elkartu ziren, euskal presoen hurbiltzeari buruz mintzatzeko. Eta, hain justu, horren alde agertu da Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroa, AFPren arabera, «kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik».

 

Alain Christnacht Justizia kabinete buruak hartu zituen presoen aldeko elkarteetako ordezkariak uztailaren 8an, berri agentzia frantsesaren arabera. Ez du zehazten zein elkarte diren «presoen alde ari direnak», ezta zein pertsona zehatz bildu ziren ministerioarekin ere. Christnacht bera, aldiz, pertsona esanguratsua da: Lionel Jospin Frantziako lehen ministro ohiaren kontseilari izan zen 1997tik 2002ra, eta Noumeako (1998) eta Matignoneko (2002) prozesuak hurbiletik segitu zituen, Kaledonia Berria eta Korsikako gatazken gaiak jorratu zituztenak.

 

Olivier Pedro-Jose Justizia ministerioko bozeramaileordeak, bertzalde, ministroaren partetik presoak hurbiltzeko borondatea badagoela baieztatu du. Konpromiso zehatzik ez dagoela ohartarazi du, halere: «Engaiamendurik ez dago, Frantziako euskal presoak kasuz kasu eta arrazoi humanitarioengatik hurbiltzeko borondatea baizik». Colette Capdevielle diputatu sozialista ere berdintsu mintzatu da: «[Justizia] Ministroa euskal presoen hurbiltzearen alde dago, kasuz kasu eta arrazoi humanitario edo familiarrengatik».

 

Gertaturikoaren balorazio laburra ere egin du Capdeviellek: «Lehenbiziko bilkura hau seinale politiko azkar eta itxaropentsua da bakearen aldeko Parisko konferentzia humanitarioaren biharamunean». Joan den ekainaren 11n egin zuten konferentzia Parisko Asanblea Nazionaleko Victor Hugo gelan, eta, hain justu, Frantziako Gobernuari engaia zedila eskatu zioten parte hartzaileek. Eskaeren artean zegoen, bertzeak bertze, Frantzian sakabanaturiko euskal presoak hurbiltzea. Gaur egun, 92 preso daude Frantziako espetxeetan, eta Mont de Marsangoa dute (Okzitania) Euskal Herritik gertueneko kartzela.

 

Ez da Taubirak euskal presoen eskubideen aldeko jarrera erakusten duen lehenbiziko aldia. 2013an, hain zuzen, eri dauden presoek senideen ondoan hil beharko luketela erran zuen, Frederique Espagnac senatari sozialistak gaixo dauden presoei buruz egindako galderari erantzunez: «Prozedura luzea eta konplexua da. Oraindik, presoak espetxean hiltzen dira. Haien bizia arriskuan dutenean, hurbilekoen ondoan hiltzeko aukera izan behar dute». Presoen hurbiltzeari buruz ere galdetu zion Espagnacek, baina horri ez zion ihardetsi. Halaber, 2014an Baionako unibertsitatera hitzaldi bat ematera etorri zen Taubira, eta han zeuden kazetariek presoen hurbiltzeari buruz galdetu zioten. Gaiaz hitzik egin ez zuen arren, Euskal Herrira «luze gabe» itzuliko zela jakinarazi zuen, «horretaz guziaz mintzatzeko». «Presoen aldeko elkarteetako ordezkariekin» izandako bilkuraren harira, bertzalde, gobernua «pixka bat aldatzen» hasi dela dio AFPk, sakonean Espainiari jarraitu arren.

 

Catalarekin, gaur
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroa eta Taubira bera elkartu eginen dira gaur. Parisko Vendome plazan hartuko du Frantziako ministroak Espainiakoa, Justizia ministerioan, eta elkarri ohore dominak emateaz gain, bilkura eginen dute 14:15ean. Ikuskizun dago zein gai aipatuko dituzten.

 

 

 

 

 

 

«Ez dira neurtzen epe luzeko ondorioak»

$
0
0

Gilles Eric Seralini. Zientzialari eta irakaslea

Elikagaietan zenbat pozoi gordetzen den eta hori nola den posible azaltzera joango da zientzialaria igandean Lekorneko Garroa gaztelura, han egingo duten Asunak bestan parte hartuko du.

 

Argazkia: MYR MURATET

Argazkia: MYR MURATET

Nora Arbelbide Lete
Tumorez bete arratoien argazkiek munduaren itzulia egin zuten. Arratoi horien ondoan zientzialari bat zegoen: Gilles Eric Seralini (1960, Bone, Annaba, Aljeria). Roundupak eta Genetikoki eraldatutako organismoak (GEO) epe luzean eragin kalteen frogatzeko azterketen emaitzetako bat izan zuen hura. Aspaldian ari da Seralini epe luzeko ikerketa independenteak bultzatzen. Azken argitalpena Jerome Douzelet sukaldariarekin osatu du: Plaisirs cuisines ou poisons caches (Plazer kozinatuak ala pozoi ezkutatuak, Acte Sud).

 

36 pestizida, 128 hondakin kimiko eta beste 81 lehengai. Hori da egun bakarrean jan dezakeguna supermerkatuetan erosiarekin, biologikoak ez diren elikagaiekin.

 

Bai, banaz bertze bat da hori. Elikadura biziki kutsatua da gaurko egunean. Kontrolatua ez den janari industrialez elikatzen gara.

 

Zehazki, nola da posible?
Kutsatua den elikadura bati zernahi produktu kimiko gehitzen dizkiote. Pestizidek, metal pisuek edo garraioen gasek kutsatua duten elikadurari kontserbadoreak gehitzen dizkiete, gehigarriak, hormonak. Petrolioez eginak direnak gehienak. Produktu nahasketa horrek gaixotasun kronikoak laguntzen ditu izugarri. Produktu horiek hiltzeko eginak dira jatorrian. Gure zelula eta organoen artean hondarra sartzen balitz bezala da.

 

Gure gorputza elikatzen dugula uste dugu, baina pozoitzen ari gara, ohartu gabean.
Nire ustez, ohartu gaitezke. Familia guztiak eri dira. Gaixotasun kronikoak dituzte. Izan dadin minbizia, hormonei lotu eritasunak, zainetakoak, edo ugalketari lotuak. Medikuntzak ezin ditu esplikatu gaixotasun horiek bakterio edo birusen kopuruen emendatze batekin, edota genetikoki. Aldiz, jakina da kutsadura kimikoek sorraraz ditzaketela.

 

Janaria ez dela kontrolatua diozu. Baina alta kontrolak badira. Liburuan, ordea, salatzen duzu horien zorroztasun zientifiko eskasa.
Lobby-en mafia salatu nahi dugu liburuan. Epe luzeko osasuna, beren epe laburreko irabazien aldarean sakrifikatu dutela. Horien artean daude, bai industrialak, baina baita osasun agentziak eta aditu zientifikoak. Epe luzeko ondorioak neurtzeko azterketak ez dituzte egiten. Pestizida, erremedio eta produktu kimikoentzako baimenak gezurrezko konfidentzialtasunean oinarritzen dira.

 

Konfidentzialtasuna ere sakonki kritikatzen duzu liburuan.
Fabrikatze sekretua babestea normala da. Baina osasun eta ingurumenari lotu azterketak jakinarazi egin behar dira. Eta ez dira jakinarazi. Sekretu industrialarekin nahasten dituzte nahitara. Alta, legeak badira. Baina ez dira errespetatuak. Horregatik, auzi bat irabazia dugu Monsantoren aurka. GEOari lotu azterketak jakinarazi egin behar izan dituzte. Nahasten dituzte arriskuen gardentasuna eta osasun agentzien iritziak. Osasun agentziek aditu ustelek infiltratuak dituzte. Horren baieztatzeko aukera ukan dut, bederatzi urtez aditu gisa aritu naizelako osasun agentzia horietan.

 

Anitzek pentsatzen dute zientzia aitzinamenduaren sinonimo dela.
Hori dena ez da zientzia. Hori da produktu teknologikoen abiadura biziko garapena eta komertzializazioa. Eta hori ez da aitzinamendua. Baina, luzaz, gai horrekin ezkondu dute zientzia.

 

Beste zenbaki bat: 1950ean banana batek zuen bitamina A kopurua lortzeko, bost banana behar dira jan gaurko egunean.
Bai. 50 fruitu behar dira orain, lehengo fruitu bakarraren elikatzeko gaitasuna lortzeko. Abiadura bizian hazten direnak hautatu direlako. Eta ororen buru, kaloria hutsak dira. Ez dira uzten barazkiak emeki hazten, behar bezala osatzen.

 

Dena ez da beltza. Zuen liburuan zenbait soluzio dakartzazue.
Bai, hala da. Norberak bere elikadura kontrolatzea. Tokikoak eta tratatuak ez direnak hautatzea, laborariak nola lan egiten duen jakitea. Baratze bat eskuragarri izatea. Sasoikoak jatea. Askotariko elikadura izatea. Ez betiko zerealak. Irrisa, garia, artoa eta sojak osatzen dute munduko elikaduraren %60.

 

Gorputzetik toxikoak kanporatzeko trukoak ere ematen dituzue.
Landare eta fruitu naturalak, baldintza onetan hazi direnak, garbitzeko balio duten ongailuz beteak dira.

 

Adibide zehatzik?
Azido ferulikoa eta azido kafeikoa. GEOetan eskas dira. Gibela eta giltzurruna garbitzeko balio dute. Orokorki hartuz, menda, erromania, perrexila, xarbota, banillaren ongailuak… medikuntza tradizionalak hautatu zituen, justuki, garbitzeko eta digestioa laguntzeko balio dutelako. Belarrek gustua, ahogozoa eta gibeleko entzimak estimulatuko dituzte. Entzimek gure gorputzeko kutsadurak kentzen dituzte.

 

 

 

Hollandek 2.000 milioiko zerga jaitsiera iragarri du

$
0
0

Klase ertainei eragingo die gehien errenta zergaren apaltzeak. Aurki lan kodea erreformatuko duela baieztatu du Frantziako presidenteak.

 

François Hollande atzo argitu zuen lurralde antolaketarako proposamena. / EFE

EFE

Iker Aranburu
Elkartasunaren Ituna ezkerrarentzat onargarriagoa izateko egindako promesa beteko du François Hollandek, eta herritarrei errenta zerga jaitsiko die datorren urtean ere. Aurreztutakoa ez da asko izango: 2.000 milioi banatu beharko dituzte zortzi milioi zergapekoren artean, hots, 250 euro batez beste.

 

Enpresen lehiakortasuna handitzeko eta kontratatzera animatzeko plan bat da Elkartasun Ituna, hiru urtean gizarte kotizazioetan eta zergetan 41.000 milioi euro aurreztea ekarri behar diena. Enpresentzako opari huts gisa ikusia izan ez zedin, herritarrei zergak 5.000 milioi euro jaitsiko ziela agindu zuen Hollandek. Horietatik 3.200 milioi aurten ezarri dira, batez ere irabazi apalak zituztenei egin zien mesede. Oraingoan klase ertainei gehiago begiratuko diela onartu zuen Hollandek, baina ez zuen zehaztu nola egingo duen. Irailaren 30erako jakingo da, aurrekontu legearekin batera. Zergetan bilduko ez dutena beste sailetatik aurreztuko dute, Hollandek baztertu baitzuen defizitarekin finantzatzea.

 

Sei hilean behin egiten duen agerraldian, Hollandek baieztatu zuen Lan Kodearen erreformari helduko diola aurki. Aste honetan jasoko du Parisko gobernuak gaia jorratu duen Combrexelle batzordearen txostena, eta horren gainean egingo du legegaia, ziur aski urtea amaitu aurretik. Erreformaren helburua da enpresei —eta sektoreei— aukera handiagoak ematea lan baldintzak beren beharretara moldatzeko, «[langileei] eskubide gehiago emateko, [enpresei] malgutasuna handitzeko», Hollanderen hitzetan. Inolaz ere aldatu ahal izango ez dituzten zenbait puntu argi utzi zituen presidenteak: Smic gutxieneko soldata, eta lanaldi ofiziala 35 ordukoa izatea. «Legea enpresa barruko akordioekin ordezkatzea probokazio bat da», erantzun zion Jean Claude Mailly FO sindikatuko buruak.

 

 

 

Zaintza eta heziketarako habia

$
0
0

Habia etxeek zaintza eta heziketa pertsonalizatua eskaintzen dute 0-3 urteko umeentzat. Guraso askok horien alde egin dute apustu, eta abantailak agerikoak direla diote. Ipar Euskal Herrian aspalditik daude errotuta, baina Hego Euskal Herrian orain ari dira beren lekua egiten.

 

Nathalie Ampo, zaintzen dituen bi umeekin. Etxe bat du hartua zaintza lanetarako. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nathalie Ampo, zaintzen dituen bi umeekin. Etxe bat du hartua zaintza lanetarako. ISABELLE MIQUELESTORENA

Nora Arbelbide Lete. Ainara Arratibel Gascon
Goxo, maitatuak, babestuak… Txoriak habian bezala. Halaxe sentitzen dira hutsetik hiru urtera arteko umeak haur etxe edo habia etxeetan. Gehienez lauko taldeetan, umeek zaintza eta heziketa pertsonalizatua jasotzen dute, beren ohitura, garapen, erritmo eta gustuen arabera, zaintzailearen etxean. Seme-alabak haur eskola batera eraman nahi ez zituzten guraso askok horietan topatu dute alternatiba. Hego Euskal Herrian erakundeen babesik gabe egin dute lekua etxe horiek. Hain zuzen ere, babes eta arautze hori eskatzen ari dira zaintzaileak. Ipar Euskal Herrian, berriz, aspalditik daude araututa.

 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreko Jaurlaritzak jarri zuen martxan habia etxeak ezartzeko proiektua. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak aurkeztu zuen proiektua. 2011ko irailean lehen bost habia etxeak jarri zituzten martxan, Bizkaian. Asmoa zen Gipuzkoan eta Araban gehiago zabaltzea, eta bi urtean 23 egotea. Baina Zabaletaren proiektuak haserrea eragin zuen Hezkuntza Sailean. Isabel Zeela sailburuak haur eskolen alde egin zuen, eta, gerora, proiektua bertan behera geratu zen. «Bi sailek elkarrekin hartu dugu erabakia, uste baitugu 0-3 adinerako haur eskolak direla arreta eta hezkuntza uztartzen dituen eskaintza aproposena», esan zuen Zelaak. Egungo Jaurlaritzak bide horretatik jarraitu du. Nafarroan ere ez dute gobernuaren babesik habia etxeek.

 

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako proiektuaren barruan sortu ziren Pixkanaka izeneko kooperatiba osatzen duten habia etxeak. «Guk, gainera, prestakuntza bat jaso genuen, gure etxean zerbitzua eskaini ahal izateko», dio Aitziber Zuazo Bizkaiko zaintzaileak. Jaurlaritzak proiektua bertan behera utzi arren, ez zuten etsi. «Zentzugabea zen, proiektuak oso harrera ona izan baitzuen». Hala, kooperatiba moduan jarraitzea erabaki zuten. Egun, bost habia etxek osatzen dute kooperatiba. Etxe bakoitzean bi ume hartzen dituzte gutxienez, eta lau gehienez.

 

Zuazok argi azaldu du zein den habia etxeen filosofia: «Gure ustez, haurra gurasoekin egotea litzateke aukerarik onena lehen urteetan. Baina egungo gizarte ereduak ez duenez hori ahalbidetzen, habia etxeak dira horrekin antz handiena dutenak. Umeak etxean bezala egotea nahi dugu». Hain ume gutxi egoteak ematen die horretarako modua. «Ume bakoitzari bere garapen, erritmo eta beharren araberako arreta eskain diezaiokegu. Zergatik bazkaldu behar dute egunero batera eta ordu berean? Gosariaren eta umea esnatzen den orduaren arabera izan behar du horrek. Jatekoa ere gurasoek ekarritakoa da».

 

Ordutegia ere haiek erabakitzen dute. Gutxienez bost ordu joan behar dute, eta zortzi gehienez: «Saiatzen gara umeak etxean dituen ohiturekin jarraitzea eguneroko errutinetan». Hori umearen garapen garaiarekin uztartzen dute. «Errutina eta garapen horren barruan, egunero eskaintzen diogu momentu bat bakoitzari, haiekin dugun harremana estua izan dadin, eta ziur senti daitezen. Ume bakoitzak bere garapena du, eta bere bidea egiten utzi behar diogu. Gu babes moduko bat gara».

 

Eredu horri jarraikiz, psikomotrizitate librearen alde egiten dute, adibidez. «Guk ez ditugu hamakak, ezta taka-takak ere. Umeak espazio librean daude, lurrean, eta beren kabuz mugitzen dira. Askatasunean lortzen dute psikomotrizitate garapena». Beste alorretan ere berebiziko garrantzia ematen diote autonomiari, adina kontuan hartuta, betiere.

 

Askoren galdera izaten da ea umeak egun osoa etxean egoten diren, eta eskolan hastean nola moldatzen diren beste umeekin. Zalantza horiek argitu ditu Zuazok. «Kalera ateratzea da, hain zuzen, gure filosofiaren oinarrietako bat. Beraz, hamaiketakoa egin eta gero, osteratxoa egiten dugu, edo kalean egoten gara jolasean. Nik, adibidez, lorategi moduko bat dut, eta hantxe ibiltzen gara. Parkera ere joaten gara, edo enkarguak egitera».

 

Beste umeekin moldatzeko orduan gutxieneko baliabide batzuk izan behar dituela defendatu du. «Baliabide horiek adinean aurrera joan ahala garatzen ditu. Horregatik uste dugu egokiagoa dela talde txikietan ohituz joatea». Gainera, eskolan hasi baino hilabete batzuk lehenago, prestatu egiten dituzte. «Joango diren eskola ikustera gerturatzen gara, eta erakutsi egiten diegu. Gainera, azaldu egiten diegu eskolara joango direla. Izan ere, uste dugu umeei gauzak azaldu egin behar zaizkiela aldez aurretik, ulertarazten saiatu».

 

Egiten duten lana aldarrikatu du, eta berriz ere erakundeen babesa eskatu. «Jaurlaritzak proiektuaren ardura zuenean, teknikari batzuk zeuden zaintzaileoi prestakuntza eman eta langileak aukeratzeko. Orain, ordea, lan hori guk egin beharko genuke, eta, eguna umeekin lanean pasatuta, ez dugu horretarako astirik, eta, beraz, etxe gehiago zabaltzea ezinezkoa da. Nahi baino mantsoago goaz». Hain zuzen, horregatik eskatzen dute erakundeen babesa. «Uste dugu gure proposamena bat datorrela zabaltzen ari diren hezkuntza eta arreta moduekin. Gainera, umeen zaintza oso kontu serioa da, eta uste dugu zerbitzuak ezinbestean egon behar duela araututa».

 

Gurasoak, pozik
Susana Vedanok ere erakundeen babesaren garrantzia nabarmendu du. Hiru seme-alaba ditu: Erik, eta Hugo eta Amanda bikiak. Vedanok eta haren bikotekideak argi izan zuten hasieratik ez zituztela seme-alabak haur eskola batera eraman nahi. Habia etxeetan topatu zuten konponbidea. «Haien lan egiteko moduak hasieratik harrapatu gintuen. Hori zen nahi genuena: etxean egongo balira bezala egotea».

 

Esperientzia «ezin hobea» izan da. «Umearen erritmoari eta ohiturei dioten errespetua nabarmenduko nuke. Une oro hartzen dute kontuan, gainera, gurasoon iritzia eta nahia ere. Haur eskoletako irakasleek ere lan handia egiten dute, baina, dituzten ratioak kontuan hartuta, aukera gutxiago dute horretarako». Vedanok «errespetu» horren adibidea jarri du. «Gure alabak, Anandak, esaterako, oso mantso jaten du, baina habia etxekoek errespetatu egiten diote erritmo hori. Haur eskola batean edo ikastetxe bateko jangelan hori ezinezkoa da, ordutegi zehatzak dituztelako, eta beste ume askorekin daudelako». Beste abantaila bat ere ikusten dio. «Apenas jartzen diren gaixorik».

 

Vedanok, gainera, nabarmendu du hiru haurrak primeran moldatu direla ume askorekin egoterakoan. «Sozializatzeko ez dute arazorik izan, habia etxean ere sozializatzen dutelako beste ume batzuekin. Baita handik kanpo ere: gurekin edo zaintzailearekin parkera joaterakoan, oporretan joaterakoan…».

 

Etxeko haurtzainen aukera aspalditik dago Ipar Euskal Herrian. Haurren zaintzarako oso garatua den aukeretako bat da, nahiz haurtzaindegien kopurua goititu egin den lurralde osoan.

 

Kontseilu Nagusiak hartua du bere gain haurtzain lanaren arautzea. Etxeko haurtzainek Kontseilu Nagusiaren baimen bat lortu behar dute lan horretan deklaraturik lan egin ahal izateko. Horretarako, 60 oreneko prestakuntza behar dute egin. Hiru haurren zaintzeko baimena lor dezakete.

 

Baionako Familia Laguntza Kutxak lagundu dezake orobat etxeko haurtzaina, bere etxea egokitzeko obrak ordaintzen, adibidez. Gurasoek, berriz, diru laguntzak ukan ditzakete baldin eta etxeko haurtzaina deklaratua bada eta Kontseilu Nagusiko baimena badu. 460,93 eurorainokoa izan daiteke laguntza.

 

Etxeko haurtzainen lana liberala da. Horrek baditu ondorioak, adibidez: «Ezin da haien banaketa egin dagoen eskaintzaren arabera», nabarmendu du Familia Kutxako Joel Sansberrok. Azken urteetan, gainera, krisia dela eta, anitz hasi dira etxeko haurtzain gisa lanean, Sansberrok ohartarazi duenez. Haurtzaindegien eskaintzaren garapenak lana kentzen die, gainera, nahiz etxeko haurtzainen enplegua zaintzen ahalegintzen direla nabarmendu duen Sansberrok. Etxeko haurtzaindegiak hautatzeko garaian usu ordutegi malguengatik hautatzen dituztela zehaztu du.

 

Nathalie Ampo etxeko haurtzainaren kasua da hori. Berezitasun batekin, halere. Etxeko haurtzaina da; bere nagusiak haurren gurasoak ditu, eta ez da bere etxean lanean ari. Etxe batean ari da, baratze batekin; beste hiru etxeko haurtzainekin du alokatua. Etxeko haurtzainen etxeak deitzen dira gisa bereko egiturak. Haurtzaindegi bati konparatuz, nagusiak gurasoak izateaz gain, harrera aldetik araudiak ez dituzte hain hertsiak. Etxe normal bat ukan dezakete. Ampok berak, beste langileek bezala, haurtzaro txikiari lotutako diploma bat badu. Lan horren hautua egin du, alde batetik, ez zuelako gehiago nagusirik ukan nahi. Haurtzaindegietan, berriz, hierarkia bat bada beti. «Proiektu hau autokudeatua da», eta hori garrantzitsua zaio. Aldiz, bere etxe propioa ttipia duela, beste batzuekin elkartzeak etxe egokiago bat eskaintzen diola ere gaineratu du. Eta etxean bakarrik aritu ordez, beste batzuekin izateari esker, esperientziak trukatzeko posibilitatea ikusten du. «Besteen ikuspuntua ukaitea lagungarri izan daiteke».

 

Lanaren prekarizazioa
Nagusirik ez izatea eta, aldi honetan, etxetik lan egitea, bi aukera horiek izan ditu gustuko Marguerite Errekartek. Baiona hiri barnean duen etxetik ari da. Duela 25 urte hasi zen etxeko haurtzain gisa lanean. Lanbide hori hautatu izanaz ez da «batere» damutzen. Bere haur propioak handitzen ari zirela-eta bururatu zitzaion besteenak zaintzen hastea. Haurrekin gustura dago: «Izugarri gustukoa dut, eta, gainera, hori egiteko ordaindua naiz!», dio, irriz. Gurasoen beharren arabera, ez du dudatzen lan ordu gehigarriak egin behar badira. Egokitzeko, beti prest. Harreman zuzen horietan, adiskidantza bat baino gehiago sortu zaizkio.

 

25 urte hauetan, beti ukan du lana. Aldiz, inguruan ikusten ditu gero eta etxeko haurtzain gehiago lan eskasetan direnak. Gurasoek gero eta oren gutxiagoko kontratuak nahi dituzte. Errekarteren ustez, lan prekarioan geratzen dira. Kezka pixka batekin ikusten du, beraz, etorkizuna.

 

 

 


Burujabetza haziak ereiten

$
0
0

Lapurdi eta Nafarroatik pasatuta, Gipuzkoara sartu da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa. Elikadura subiranotasuna aldarrikatu dute Hazparneko eta Baionako geldialdietan.
«Ipar Euskal Herrian hasi zen feminismoak Hegoaldean eragin zuen»

 

ISABELLE MIQUELESTORENA

ISABELLE MIQUELESTORENA

Maddi Ane Txoperena Iribarren
Laugarren eguna du jada Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herrian, eta Lapurdi eta Nafarroa gibelean utzita, aurrera doa Gipuzkoan barrena, igandean Bilbo duela Lisboara iritsi aitzineko helmuga. Bitartean, baina, herri anitz ditu oraindik zeharkatzeko. Gaur, erraterako, Errenterian, Zumaian, Hernanin eta Tolosan eginen ditu geldialdiak. Pasatzen den leku bakoitzean uzten du bere arrastoa martxak, eta atzo ere ongietorri beroa egin zieten Lapurdiko feministek karabanari. Bezperan Hazparnen ibili ondotik, hain zuzen, Baionara iritsi ziren atzo eguerdian, eta han bazkaldu eta gero abiatu zen karabana Hondarribira eta Donostiara.

 

Elikadura burujabetza izan zuten aldarri Lapurdiko bi herrietan, eta hori irudikatzeko haziak erein eta zuhaitzak landatu zituzten, bertzeak bertze. Izan ere, norbere elikaduraren jabe izatea da Emakumeen Mundu Martxak duen aldarrikapenetariko bat. Hala azaldu zuen Amaia Fontang Baionako kide feministak, martxari harrera egiterakoan: «Haziak ereiten ditugu, elikadura burujabetzaren irudi gisa. Eskubidea dugulako erabakitzeko zer nahi dugun landatu eta zer nahi dugun jan».

 

Hori irudikatzeko sinbolikoki aldarri feministak erein zituzten Baionan, lurrez beteriko ontzi batean. Hilabete sari berdinak, denontzako osasuna, bortizkeria sexisten aurkakotasuna, genero guzien errespetua… Askotariko aldarrikapenak idatziak zituzten paperak sartu zituzten lorentzian, txalapartaren doinua lagun zutela. Mundu osoko emakumeei ere helarazi zieten elkartasuna, Kurdistandik Lisboara herrialde anitz gurutzatu baititu martxak hainbat hilabetez; Kurdistango askapen borrokan hildako emazte abeslari baten kantu bat ere ezarri zuten, haren omenez.

 

Guzia ez da sinbolo eta hitz huts, ordea. Izan ere, martxa igarotzen den Euskal Herriko herri bakoitzean hazi bat bilduz doa karabana feminista, eta kutxa batean sartzen ari dira horiek guziak. Asmoa da martxa Bilbora iristerakoan EHNE sindikatuko emakumeei helaraztea, osatzen ari diren hazitegiari gehitzeko.

 

Xane Krakelberg Emazteek Diote Hazparneko taldeko kideak azaldu duenez, bertzalde, Jeanne Duhalde Carrere taldearen sortzaile zendu berriaren omenez bi intxaurrondo ere landatu zituzten herriko zelai batean. «Haren engaiamendua beti izan zen feminismoari buruz, eta guk segitu nahi izan dugu». Taldera eta martxara bertara gazte gehiago ez hurbiltzea dolutu zaio Krakelbergi, baina oraindik borrokan segitzeko ideiak ez ditu falta: desegin berria den Emazteen Aurkako Bortizkeriaren Behatokia berriz martxan ezartzea, erraterako. «Nahikeria politikoa behar da».

 

Feministak saretzen
Kattalin Miner antolatzailearentzat, «oso garrantzitsua» izan da Emakumeen Mundu Martxak Lapurdin sartu-irtena egitea, eta positibotzat jo du Ipar Euskal Herrian pasatutako tartea, laburra izanagatik. «Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko ezberdintasunetatik» haratago, ordea, feminista guzien arteko elkarlana bultzatu behar dela esan du: «Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere aldarrikapenak eta bere errealitateak. Askotan egiten dugu ipar-hego ezberdintasuna, baina Tafallan dagoen errealitateak ere ez du zerikusirik Getxokoarekin, adibidez. Eta mundu martxa aukera ezin hobea da herri guztien artean aliantzak egin eta esperientziak partekatzeko».

 

Bide horretan interesgarritzat jo ditu Hazparneko eta Baionako geldialdiak. Gazte gutxi hurbilduagatik, ekitaldietan parte hartu duten emazteek badutelako esperientzia mundu martxen antolaketan: «Askorentzat mundu martxa antolatzen zutena laugarren aldia izan da oraingoa». Hurrengorako erronka jarria dago: ereindako haziak loratu eta belaunaldien arteko transmisioa segurtatzea.

 

 

 

«Ipar Euskal Herrian hasi zen feminismoak Hegoaldean eragin zuen»

$
0
0

Edurne Epelde. Emagineko kidea

Maddi Ane Txoperena Iribarren
Emakumeen Mundu Martxaren aitzakian Sukaldetik plazara dokumentala aurkeztu zuten atzo Baionan. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kide izan diren hamabi lagun elkarrizketatuz osatu dute ikus-entzunekoa, Epeldek azaldu duenez.

Zergatik dokumental hau?
Gure genealogia feministak liburua egin genuenean bagenuen sentsazioa egiten ari ginen irakurketa batez ere Hego Euskal Herrian kokatua zela, eta dokumental baten bidez Ipar Euskal Herrikoa sakontzea erabaki genuen. Bestalde, ikusten ari ginen adinean aurrera zihoazela libururako elkarrizketatu genituen feminista asko eta haien testigantza galtzear zegoela. Berreskuratu nahi izan dugu.

 

Zein bilakaera izan du mugimenduak Ipar Euskal Herrian?
Bi garai ikusten ditugu oso oparoak. Alde batetik, 1970eko urteetatik 1984ra arte. Ikastolen mugimendua, abertzaletasuna, 68ko maiatza, errefuxiatuen aldeko babesa… Eferbeszentzia bat bazen, eta hor parte hartu zuten feministak nazkatuta zeuden, beren aldarrikapenak kontuan hartzen ez zirelako. Autoantolaketaren alde egin zuten, eta talde pila bat sortu zen garai hartan. [François] Mitterrand gobernura iritsi zenetik, berriz, oso talde gutxik funtzionatu dute. Bigarren garai oparoa 2000ko hamarkadatik aurrera izan da: mundu martxaren aitzakian, talde antolatuak berpiztu ziren.

 

1970ekoa aitzindaria izan zen. Ez da oso ezaguna, ordea.
Horregatik nahi genuen fokua hor jarri, ikusteko nola han sortu zen feminismoa, eta hark ere eragin zuen Hegoaldean.

 

Orain apal dago, ordea. Dokumentalak bultza dezake?
Ahalik eta gehien zabaldu nahiko genuke. Bertako feministentzat aurretik egin izan zuten horren guztiaren aitortza bat ere bada dokumentala. Azkenean, egungo hainbat eskubide lortzeko beharrezkoa izan zen haien borroka.

 

 

 

«Alde anitzetako borrokak sortu behar direla uste dut»

$
0
0

Pinar Selek

2009tik Nizan (Okzitania) bizi da Pinar Selek idazle turkiarra. Bere kontrako jazarpen judiziala tarteko, 2013tik iheslari politiko estatutua du. Hitzaldia eskainiko du gaur ostiralean, Baionan, Euskal Erakustokian, 18:00etan.

 

Ekhi Erremundegi

 

Berrogeita lau urterekin atxiloketa, tortura, presondegia eta erbestea ezagutu ditu Pinar Selek Istanbulgo idazleak, Turkiako epaitegiek haren kontra daramaten jazarpen judizialaren ondorioz.

 

Emakume borrokalaritzat du bere burua, borrokaren apologia egiten du beti funtsean. «Gaztetarik ulertu nuen askatasunaren alde borrokatu behar dela». Aita giza eskubideen aldeko abokatua, aitatxi ezkerreko militante historikoa, familiaren eraginaz hala dio: «Gizonak ez ezik nire ama ere biziki militantea zen».

 

1980an estatu kolpea izan zen Turkian, eta herri mugimenduentzat bihurgune bat izan zen. Urte bakarrean milioi bat pertsona sartu zuten kartzelan, tartean bere aita. Bere haurtzaroa bitan zatitua izan zela kontatzen du Selekek: estatu kolpea aitzin eta ondoren. «Estatu kolpea aitzin gure etxea elkargune bat zen. Jende anitz egoten zen gurean lotan, elkarrizketan, bestan… elkar aditze alai bat bazen». Estatu kolpearen ondotik, aita kartzelan sartu zutenean, beren etxean egoten ziren lagun guziak hilak, presondegiratuak edo ihesean gertatu ziren. «Biziki garai zailak ziren, eta nire amak ardura handia hartu zuen».

 

Presondegien inguruan sortu zen elkartasuna zela medio, etxea elkargune bilakatu zen berriz, eta jendea bertan biltzen hasi zen. «Astero joaten ginen presondegira bisitan; ez soilik nire aita ikustera, intelektual eta militante guziak preso zirelako». Presondegiak 100-150 pertsona biltzen zituzten logelaka antolatuak zirela oroit da Selek. Preso guziak elkarrekin egoten ziren, eta eskola modura kontsideratzen zuten, nolabait. «Bisitak ere elkarrizketa politikorako momentu bilakatzen ziren. Niretzat xantza bat da sare horien parte izana».

 

Orduan ezkerreko sareetan mobilizazio anitz bazela dio, eta boterearengandik intimidazio handia. «Nire aita ezkerreko alderdi batean zen, gaur egungo Parti de Gauche alderdiarekin pareka genezakeena. Ez zen ezker konbentzionala, aski erradikala baizik». Ahizpa gaztearekin testuinguru horretan hazi ziren. «Galderak egiten hasi ginen, eta kontzientzia bat piztu zitzaigun. Feminista eta libertarioa bilakatu nintzen. Gogoetatzen hasi ginen, nola izan libre gizarte honetan». Eztabaida anitz izan zuten, bereziki aitzineko belaunaldiekin. Askatasuna, berdintasuna, justizia… ideal bera defendatzen zuten, baina pauso bat urrunago joan nahi. «Gure belaunaldiak ulertu zuen horra arte ezkerrak ikusten ez zituenak begiratu behar genituela».

 

Borroka franko

Biziki gaztetarik hasi zen Selek etxegabeekin lanean, karrikako tailerrak antolatuz. «Soziologia ikasten hasi nintzenean ohartu nintzen gizartean nagusitasun harreman anitz badela eta borrokak trenkadaz zatituak zirela. Nik borroka guzietan parte hartu nahi nuen, sareen artean loturak sortu». Prostituta, transexual, homosexual eta etxegabeekin konpainia bat sortu zuten, musika, antzerki eta abarren bidez karrikakoen eta baztertuen ahotsa entzunarazteko.

 

Era berean, kurduei buruzko ikerketak ere abiatu zituen, ahozko historiaren proiektu baten barnean, elkarrizketa andana eginez mugimendu kurduko jendeari. «Gerla garaiak ziren, eta turkiar boterea biziki nazionalista eta militarista zen, kasik faxista. Ez zen posible Kurdistani buruz mintzatzea; alta, nik esplikatu nahi nuen zergatik hartu zituzten armak».

 

Atxilotu eta torturatu zuten. «Elkarrizketatu nituen militante kurduen izenak nahi zituzten. Baina ez zen hori bakarrik. Ni ez naiz kurdua. Ezkerreko intelektual familia batekoa nintzen, eta era berean ingurune anitzetako jendearekin harremana nuen. Adibide gisa erabili nahi izan ninduten, besteak uzkurtzeko». Bitarte horretan, PKKren kontrako eraso bat prestatzen ari ziren alderdi horretako buru Abdullah Ocalan Turkiara eramateko asmoarekin. Seleken ustez, horregatik ez zuten nahi Kurdistango aferak aipatuak izan zitezen. Terrorismoa laguntzea leporatu eta presondegiratu zuten. «Presondegian nintzen garaian gazte kurdu bat atxilotu zuten, eta torturapean, atentatu bat egiteko agindu niola erranarazi zioten. Atentatua berez ez zen izan, gas leherketa batek eragindako istripua baizik, baina Ocalan Turkiara ekarri aitzin komeni zitzaien PKKren kontrako jarrera nazionalista indartzea ».

 

Gazteak gibel egin zuen torturak salatuz, baina bere kontrako epaiketak aitzina segitu zuen, eta sostengu handia sortu zen idazlearen inguruan. «Ez soilik ezkerreko intelektualak, ez soilik feministak… transexualak, karrikako haurrak, denak hasi ziren presondegiaren aitzinean elkarretaratzeak egiten». Elkartasunaren aniztasunak aferari oihartzun handia eman eta sinbolo bilakatu zen. Gazte kurduaren lekukotasunarekin batera, adituek erran zuten ez zela bonbarik izan, eta bi urte eta erdira aske utzi zuten.

 

Presondegitik ateratzean bakearen aldeko emakumeen martxa erraldoi bat antolatu zuen, eta hortik aitzina mugimendu antimilitaristan engaiatu zen. «Bortizkeriaren kontrakoa naiz, nahiz eta kurduekin bat egin». Armadaren kontrako borroketan parte hartu eta mugimendu feminista eta LGBTrekin batera ere jardun zuen. «Borroka ezberdinak batzea lortu genuen, eta gaur egun, oraindik, ingurune ezberdinetakoak elkarrekin ari dira lanean Turkian».

 

Aske gelditu bazen ere, bere kontrako jazarpen judizialak ez du etenik izan gaur arte. 2006an, bere abokatuen lanaren ondotik, errugabetu zuten, baina kasazio auzitegiak dei egin zuen. Geroztik lau aldiz errugabetu dute, azkena 2014ko abenduan. «Justiziaren sinbolo nintzen lehen, eta erresistentziaren sinbolo egun». 2009tik Frantzian bizi da, eta iheslari politiko estatutua ere eskuratu du: «2013 arte saihesten saiatu naiz, baina auzitegiak bizi guziko zigorrera kondenatu ninduen, eta babesa eskatu behar izan nuen».

 

Orain Frantzian jarraitzen du borrokan: «Pentsatzen baitut herrien mugak ez ditugula guk markatu. Ez da garrantzitsua muga baten alde batean edo bestean zaren ». Mugimendu feministan eta antimilitaristan parte hartzen du, eta baita ekologia sozialean ere. «Alde anitzetako borrokak sortu behar direla uste dut». Tokiko eta nazioarteko borroken segitzen saiatzen da, Turkiako Amargi aldizkari feministan idatziz eta Notre Dame Des Landesko aireportuaren kontrako mobilizazioetan parte hartuz. Aspertzeko denborarik ez duela erran eta irri egiten du, «gauza anitz ditut egiteko»!

 

[ERRATUM] Paperezko edizioan Pinar Seleken hitzaldia 21:00etan zela iragarri dugu. Hitzaldia bera 18:00etan izanen da, Baionako Euskal Erakustokian. Ondoren, 21:00tan gaualdia izanen da Haize Hegoa peñan

Euskal Herriaz beste irudi baten emateko

$
0
0

Gatuzain argitaletxeak ‘File, Ramuntxo’ frantsesezko eleberria plazaratu berri du – Idazle anonimo batek idatzi liburua da, irakurle erdaldunari Euskal Herriaren irudi «erreala» emateko asmoz egina

 

Iñaki Etxeleku

 

File, Ramuntxo eleberriaBegirada berehala tiratzen duenez, irudi ikusgarria hautatu du Gatuzain argitaletxeak plazaratu duen azken eleberriaren berri zabaltzeko. Anonymous mugimenduak erabili, V Vendettarentzat komikiak eta filmak famatu Guy Fawkesen maska zuria, bere irri maleziatsu, bixar eta bekainekin. Baina boneta eta Euskal Herriko maparen itxurako ikurrina gehiturik. Eleberria frantsesez idatzia da, eta idazleak anonimo egon nahi du; ondorioz, Pierre Lodiren ezizena erabili du. Izenburuan bezala, Pierre Loti (1850-1923) marina aitzindari eta idazle frantsesari arraileriazko erreferentzia eginez.

 

Hiruzpalau aste barne arrakasta ukan du liburuak, eta badaiteke irudi horren erabilpenak jakin- mina piztu izana. Baina Pierre Lotiren desbideratzeak badu beste funtsik, Euskal Herriaren irudi «bukoliko» baten zabaltzailetzat hartua baita Ramuntcho (1897) liburuaren idazlea. Gatuzain argitaletxeko partaidea da Hartzea Lopez Arana, eta esplikatu du zertan baduen kanore eleberri honek garai hauetan: «Azken urte hauetan bada Euskal Herriari buruz moda bat, prentsan eta liburuetan ere agertzen dena, baita ere turismo bulegoetan, eta nahasketa erraz bat egiten da Euskal Herrian diren hainbat gauzari buruz. Karikaturatzeko, liburu bat izan daiteke: nola Larrungo lamina maitemintzen den basajaunarekin eta piper politak egiten dituzten, eta erdian bada ETAren komando bat eta surflari bat. Exotismoa, folklorismoa, borroka, kokapen geografiko biziki mugatua —Ipar Euskal Herriko hiru probintziak baizik ez dira aipatzen, beti—, notre region est magnifique eta holako».

 

File, Ramuntxo liburuak beste kontakizun bat nahi du landu. Euskal Herriaren beste irudikatze bat. «Hemen jendearen bizipen batzuk kontatu nahi ditu, barnetik. Nolabait ere militantziaren debruztatze eta mitifikatzeak bazterrera utzi nahiz, errealistagora joateko». Memoria historikoa franko aipatzen den garaietan, File, Ramuntxo-ko pertsonaiek borroka armatuaren testuinguruan sartzen dute irakurlea, 80ko hamarkadatik orain arteko memento desberdinetan. Borroka horretan engaiatua denaren begitik, baina ere «etsaiaren» begitik. «Bazen garaia herri borroken aipatzeko sufrimendutik ateraz, pertsonaren ikuspegitik. Zergatik norbait engaiatzen den aztertzea edo zergatik beste bat polizia bilakatzen ». Jendetasunez, alde psikologikoan oinarriturik kontatu nahi ditu pertsonaien istorioak. «Lekukotasunak dira batzuetan, egiazko istorioak ere. Goxoa eta gogorra da denekin liburua. Ez dio baitezpada bati besteari baino puntu hobe edo txarragorik eman nahi. Pintzelkada batzuk dira osotasun batean».

 

«Adibidez, Irlandan euren borroka historikoaren aipatzeko beste moldea dute betidanik. Poeta herri bat da, kantari herri bat. Sufrimendu latzenetan ere eman diote umoreari, autokritikari leku zerbait. Hau da, norbera ezagutu, besteak ezagutzeko». Gatuzaini iduri zaio Euskal Herrian falta dela alde hori. «Gatuzainen berean konturatu gara beti lehentasuna eman diogula saiakerari. Saiakera politikoak, dokumentuak, analisi hotzak». Jendearengana heltzeko bidetzat ikusten du Lopez Aranak eleberriaren medioa, kanpokoen hunkitzeko, «eta ez betiko Histoire Poltique du Pays Basque liburuekin».

 

Horretarako ere bada liburua frantsesez idatzia. Euskal Herritik kanpoko irakurlearengana baina ere bertan bizi den erdaldunarengana heltzeko. Testuinguruan girotzen duen hizkera hautatu du idazleak. «Karrikako hizkuntza da anitz erabilia. Frantses horretatik tiratzen du». Idazleak egiazko izenik ez agertzeko egin hautua ere esplikatu du argitaletxekoak: «Liburuko pertsonaiei protagonismo guzia eman nahian. Ez du inporta nor den autorea; istorio kolektibo batzuk kontatzen ditu, eta horretan du lehentasuna».

 

Argitaletxeen gogoeta

Gatuzainek nahi izan du egin molde batetik atera liburu berri honekin. «Beti bada eskema klasiko bat: autoreak liburua aurkezten dio argitaletxeari. Horrek erraten dio bai ala ez; bai baldin bada, argitaratzen du, publizitatea egiten dio. Sartuak gara halako gauza arrunt batean». Usaia horiek aldatu nahi dira, beraz, idazle izen faltsua erabiliz, irudi bat.

 

Aski isilik egona zen azken hilabeteetan argitaletxea, eta eramaile taldeak erabaki du nahiago zuela plataforma bezala ibili gehiago. «Autore batek nahi badu proiektu bat aitzina eraman, badu Gatuzainen egiteko parada, baina berak du Atik Zra eraman behar; ekonomikoki eta publizitate mailan pentsatu. Argitaletxea hor da bitartekari edo laguntzaile gisa». Autoreari ardura gehiagoren emateko molde gisa ikusten dute.

 

Ipar Euskal Herriko beste argitaletxeekin batean, bestalde, gogoeta bat eraman du Gatuzainek. «Falta zaigu diagnostiko bat euskal liburugintzari buruz. Euskara eta Euskal Herria onartuak dira gaur egun, ulertuagoak, eta argitaletxeek segitzen dugu gure ohiturazko dinamiketan: gure publikoa, gure liburuak. Ez dugu ontsa neurtu zer potentzia badugun», dio Lopez Aranak, «bai euskarazko liburuetan, —euskaldun berri irakurleen portzentaje potentziala anitz handitu delako—, bai Euskal Herriari buruzko liburuetan».

 

Hausnarketa bat egin dute, beraz, elkarren artean ofiziokoek, mementoan emaitzarik gabekoa dena Gatuzainekoaren arabera, baina eskatuko lukeena euskal argitalpenaren mundutxotik nolabaiteko «Perestroika» bat. «Gure lorpen eta ohituretan egon ordez ikusiz noraino hel gaitezkeen gure tresnekin irakurlego zabalagoa hunkitzeko. Iraupen batean gara, proiektu hedatzaile batean baino».

 

Adierazgarria zaio Lopez Aranari daturik ez izatea euskal irakurlego batez: «Zenbat euskal irakurle bada Ipar Euskal Herrian eta zer euskara mailakoak? Pentsatzen dugu euskarari interesatzen zaizkion jende gehiago badirela —AEK-ko ikasleak, jende elebiduna, ikastolako burasoak—; ez dizkiegu baitezpada behar zaizkien liburuak ekartzen».

 

 

 

Bonnemaisonen aurkako dei auzia gaur hasiko da

$
0
0

Angerseko krimen auzitegian iraganen da, urriaren 23a bitarte. Lehen auziak errugabe jo zuen, baina prokuradoreak du dei egin

 

Nora Arbelbide Lete

 

ABSUELTO UN MÉDICO FRANCÉS QUE ACELERÓ LA MUERTE DE SIETE ENFERMOS TERMINALESNicolas Bonnemaison Baionako erietxe publikoko mediku ohia berriz epaituko dute gaur hasi eta hamar bat egunez. Dei auzia da, bigarrena, baina lehena balitz bezala iraganen da. Hutsetik abiatuko da. Krimen auzitegian horrela iragaten dira dei auziak. Lehen erabakirik izan ez balitz bezala, alde batek dei egitea aski da. Ez da filtrorik. Kasu honetan, Ministerio Publikoak zuen dei egin.
Iazko ekainean, Paueko krimen auzitegiak errugabe jo zuen Bonnemaison. Baina Marc Mariee prokuradoreak ez zuen onartu erabakia. Aldi honetan, Pauetik Angersera (Pays de la Loire) eramanen dute auzia. Baionatik 5,5 oren bide. Bederatzi herritar arruntek osatu zinpeko epaimahaiak izanen du bere gain epaia.

 

Zazpi pertsona pozoiturik hiltzeaz akusatua izanen da berriz Bonnemaison. Zigor kodearen barne sartzen den akusazioa da. Kontua ez da erabakitzea Bonnemaisonek bizi bukaera legeztatzen duen Leonetti Legea errespetatu zuen ala ez. Gaia hilketa da. Hil ote zituen ala artatu ote zituen eriak. Angerseko auzian, hiltze horiek baieztatuz gero, bizi osoko presondegi zigorra arriska lezake Bonnemaisonek.

 

Hil diren zazpi pertsonen senideen gehiengoa ez da parte zibil gisa plantatu, baina, Iramuno familiakoak bai. Valerie Garmendia dute abokatuetako bat. Auzia hutsetik berriz hasteko perspektiba hori ez zaiela «erraza» azaldu du abokatuak. «Aski zaila zaie berriz ere istorio horretan sartu behar izatea. 2011n hil zitzaion ama. Geroztik denbora pasatu da. Baina dolua egitea ezinezkoa bihurtzen zaie gertakari hauekin». Halere, aitzineko epaimahaiaren erabakiarekin senideak ez zirela gustura gelditu zehaztu du abokatuak. «Zigor bat» espero dute aldi honetan. «Ez baitezpada hamabost urteko presondegi zigorra», abokatuaren hitzetan, baina bai «haren errua ezagutaraztea, nahiz zigorra sinbolikoa izan». Lehen auzia iraganik ere, senideei oraindik elementu anitz «ezin ulertuak» egiten zaizkiela argudiatu du Garmendiak. Auzian agertu informazio anitz «kontrajarriak» zaizkie. Haiekin ez hitz egin izana leporatzen diote bereziki Bonnemaisoni. Ez zela behin ere haiekin mintzatu esplikatu du abokatuak. «Prentsan ikusi zuten lehen aldiz. Ordu arte, ez zuten behin ere ukan haren berri».

 

Hiltzeko intentziorik ez

Iazko auzian, medikuak eriak artatu zituela erabaki zuen Paueko krimen auzitegiko epaimahaiak. Gaixo horien sufrimendua arintzeko asmoarekin zuela azken uneko sedazioa erabili. «Ez da frogatu injekzio horien bidez eriak hiltzeko intentzioa zuenik», epaimahaiaren ustez; Bonnemaisonek «fede onez» jardun zuela ere ebatzi zuen.

 

Prokuradoreak, berriz, bost urteko baldintzapeko presondegi zigorra eskatu zuen. Nahiz eta hark berak honela hasi zuen bere zigor eskaera egiteko hitzartzea: «Ez zara pozoitzaile bat. Ez zara hiltzaile bat». Baina, halere, kondenatzeko eskatu zuen. Bizia amaitzeko intentzio argia leporatu zion Bonnemaisoni. Horren frogatzat zeukan kurarea erabili izana, jakinez normalki kurarearekin hatsa lagundu behar dela makina baten bidez, eta hark ez zuela hori egin. Frogatzat zeukan, halaber, Hypnovel produktua ongi ez erabili izana. Emeki-emeki behar da injektatu, baina Bonnemaisonek kolpez zuela egin. Oro har, Bonnemaisonen ekintzak ez zirela «mediku ekintzak» izan zioen, baina bai «ekintza transgresiboak».

 

Dei auzitik landa, gelditzen den errekurtso bakarra kasazio gortea da. Baldin eta zuzenbide arauekin bat egiten ez duen erabakia bada.

Viewing all 555 articles
Browse latest View live